Lmentala 90. zk. / nº 90 - 2021eko otsaila / Febrero 2021
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Buletina posta partikularrean jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: lmentala@osakidetza.eus

SAREA GARA

Asistentzia-jarduera COVIDaren urtean

Nola eragin dio COVID-19ak gure asistentzia-jarduerari 2020. urtearen joanean? Zalantzarik ez dago hainbat aldaketa egin behar izan ditugula egoera eta arazo erabat berrietara egokitzeko, eta estresa eta lan-gainkarga ere pairatu ditugula, beste gauza askorekin batera, baina ezinezkoa da horiek hemen zerrendatzea eta xehetasunez adieraztea. Zaila da antzematea asistentziaren arloan izan dituen ondorioak, eta are zailagoa aurreikustea nola eragingo dien gure zerbitzuei etorkizunean.

Daturik esanguratsuena da nola murriztu den paziente berrien kopurua gure zerbitzuetan: ia 3.000 gutxiago izan dira, 2019an baino %20 gutxiago, hain zuzen ere. Horien artean egongo dira arazo txikiak izan dituzten pertsonak, baina ohartu gara %25 apaldu dela, halaber, eskizofrenia eta nahasmendu bipolarra bezalako gaixotasun larriak dituzten paziente-kopurua. Paziente berrien jaitsiera txikiagoa izan da haur eta nerabeak artatzen dituzten zerbitzuetan, baina, hala ere, datua deigarria da: -%12. Adikzioetako zerbitzuetan, %17 murriztu da paziente berrien kopurua, eta Bizkaiko akutuen unitateetan, 2019an baino %8 ospitaleratze psikiatriko gutxiago egon dira.

Argi dago pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketek eragotzi dutela herritarrek osasun-zerbitzuetara jotzea, larrialdietakoetara barne, eta zalantzak izan dituztela horietara joateko orduan; baina, argudio hori erabiltzea eztabaidagarria da baldin eta gaixotasun mental larriak dituzten pertsonez ari bagara, zeren behar duten arreta nekez atzeratu daitekeen, aintzat hartuta nolako larritasuna eta ondorioak dituzten horiei lotuta agertzen diren sintomek.

Egoerak ondo asko baldintzatu du aurrez aurre eskaintzen dugun arreta, batez ere, lehen olatuaren hilabeteetan. Izan ere, aurten 27.000 kontsulta gutxiago egin ditugu (-%18, 2019. urtean egindakoekin alderatuta). Aitzitik, telefono bidezko kontsulta-kopurua %235 igo da (2019an baino 75.000 gehiago).

Guztiarekin ere, anbulatorio-sareak, gure osasun mentaleko zentroek, TAK taldeek eta Lehen Gertakari Psikotikoko zentroek eutsi diote paziente larriagoei aurrez aurre ematen dieten arretari, baita murrizketa gehien egon diren garaietan ere. Gainera, areagotu egin da euren arreta ez-presentziala.

Beste alde batetik, aurrez-aurreko harremana ia erabat normaldu da uda-garaitik hona. Horregatik esan dezakegu, Ikasi dugunari eta egin dugun egokitzapenari esker, aurreko jarduera-mailara itzultzen ari garela, eta gero eta hurbilago gaudela gure pazienteengandik, behar diren segurtasun-neurriak ondo zainduta.

Bada, urtea behin bukatua, oraindik ari gara COVIDarekin elkarbizitzen, eta txertaketa-kanpaina indarrean ari den honetan, guk aurrera jarraituko dugu, ohikotasunera bueltatuko garen esperantzan, bai gure lanean, bai gure eguneroko bizimoduan.

J.U.

Sareko kudeaketa: zilarretik urrera. Gure helburua hobetzea da beti

Azken urteotan, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea kanpoko bi ebaluaziora aurkeztu da, jakiteko zein den gure osasun eremuan eskaintzen ari garen zerbitzuaren kalitatea. 2015ean Zilarrezko A saria lortu genuen, eta 2020an, kudeaketa aurreratuagoa egiten ari garenez, Urrezko A saria eman digute.

Kudeaketa Aurreratuaren Eredua oinarri hartuta, Euskalitek aztertzen ditu ebaluaziora aurkeztu diren enpresa eta erakundeen alderdi batzuk: estrategia, bezeroak, pertsonak, berrikuntza, eta lortutako emaitzak.

Ebaluatzaileek nabarmendu dute, adibidez, pazienteei ematen diegun autonomia, eta baita erabiltzen ari garen arreta komunitarioko ereduak ekarri dizkien onurak ere. Baina, indarguneez gain, azpimarratu dituzte zein diren gure hobetzeko esparruak. Besteak beste, zehaztasun handiagoz neurtu beharko dugu gizarteak gure ekintzen ondorioz lortzen duen gogobetetasuna, eta doitu behar dugu indarrean daukagun metodoa, erakundeko langileen ekimenak eta ideiak hobeto atzemateko.

BOMSeko langile guztien ahaleginari esker, egunez egun hobetzen ari gara erakundearen kudeaketa eta pazienteei ematen diegun arreta, hori baita gizartearekin daukagun konpromisoa: ematen diegun zerbitzua etengabe hobetzea.

Ainhoa Valenciano González





Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Reconocimientos: Ainhoa Valenciano

Zendu da gure lankide Vicente Extremera Díaz

2021eko urtarrilaren 10ean hil zaigu Vicente lankidea, Bilboko Ajuriaguerra Eguneko Ospitaleko monitorea.

Hurkoak zaintzeko bokazioa izan du beti, eta, lankide gisa, ulerkorra izan da, gauzak errazten duten horietakoa, langile fina eta prestua. Ondo gogoratuko dugu bere izaera lasaia eta zuzena, eta baita gauzak jakiteko eta esploratzeko izan duen grina ere.

Erantsitako testuan, omenaldi moduan, irakurgai dituzue Vicenterekin eguneroko lanean harreman estua izan dutenen hitz sentituak.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Querido Vicente, te recordamos.

“Ojiva hacia el infierno”, 2020ko Max Aub ipuinen saria

Gure lankide Marceliano Gonzalez Dominguezek, Zaldibarko Ospitaleko gizarte-langileak, Max Aub Fundazioaren Ipuinen Nazioarteko Saria jaso du, 2020ko edizioan, “Ojiva hacia el infierno” lanarengatik. Guztira, 627 ipuin aurkeztu ziren, 29 herrialdetatik, eta lehen sariak 6.000 euroko dotazioa izan du.

Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta nabarmendu ipuinaren planteamenduaren originaltasuna, aintzat hartuta aurkeztu diren gainerako lanetan jorratutako gaiak.

Marcelianok Euskadiko psikiatriko batean kokatu du kontakizuna. Bertan gertatzen diren zenbait hilketaren giro nahasgarrian, irakurleak aukera du Cojo de Nebrija eta Frida Kahlo bikotearen konplize izateko, eta ezagutzeko nola bilatzen duten pertsonaiek euren errealitate existentziala literaturaren bidez.

“Ojiva hacia el infierno” udal liburutegietan dago irakurgai.

Erantsitako oharrean, aurkituko dituzue egileak berak egindako hausnarketa batzuk liburuaren inguruan.

J.D.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. "Ojiva hacia el infierno" ipuinaren egilearen oharra

Argazki bilduma

Athletic eta BOMS, taldekide osasun mentalaren alde

Duela lau urte BOMSek hitzarmen bat sinatu zuen Athletic Fundazioarekin, gure pazienteek kirola egiteko aukera izan zezaten, eta horren bidez, apaltzeko euren gaixotasunen sintoma batzuk.

Ideia berari jarraituz, antolatu zen, halaber, Euskadiko Zentroen arteko Areto Futboleko Liga, zeinetan parte hartzen duten gure Sareko hainbat zentrok.

Aurori Oña Uribeko Eskualdeko erizaintzako gainbegiralea da, eta Areto Futboleko Ligako antolatzaileetako bat izateaz gain, koordinatzen ditu Athletic Fundazioarekin sinaturiko hitzarmenetik eratorritako jarduerak, barnean hartuta multideporte deiturikoak, horren futbolzaleak ez direnei zuzenduta daudenak.

Aurorik, berarekin izan dugun elkarrizketan, zehaztasunez azaldu digu nolako lotura dagoen kirola egitearen eta buruko osasun hobea izatearen artean; gainera, berarekin harremanetan jartzeko datuak utzi dizkigu, nahi izanez gero, interesdunek informazio gehiago eskuratu ahal dezaten, tresna terapeutiko honen inguruan, ikuspuntu profesionaletik.

G.A.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Elkarrizketa Aurora Oña Garciari

Argazki bilduma

Hilero, ingurumeneko jarduera on bat

Jakin badakigu osasun-erakunde batek pertsonen osasuna sustatzen duela; horregatik, guztiok espero dugu bere ingurumena ere zaintzea, bertako langileen ingurua osasungarria, jasangarria eta segurua izan dadin.

Hori horrela, BOMSek kanpaina bat jarri du abian 2021ean, ingurumenari lotutako ekimenak aurrera eramateko, “hilabetero jarduera egoki bat” goiburuari jarraituz. Horrela, alde batetik, hausnarketa egingo dugu proposaturiko gaien inguruan, eta bestetik, lagunduko dugu gure ingururik hurbilena hobetzen.

Gure buletin Lmentala bihilabetekaria denez, bi ekimen argitaratuko ditugu batera zenbaki bakoitzean, hauekin hasita: “Irtetean, itzali argia”, eta “Doitu etxeko tenperatura”.

P.A.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Elkarrizketa Paloma Achari

Argazki bilduma

Nire istorioa koronabirusaren aurka

“Nire istorioa koronabirusaren aurka” testua Iñaki Laboa Gernikako ospitaleko medikuak idatzi du, eta bertan kontatu digu COVID-paziente gisa izan duen esperientzia, barnean hartuta ZIUn igarotako hilabetea.

Gaixotasunaren gordinena bizi izan duten pertsonen errealitatea azaltzeaz gain, testua hunkigarria da, egiazkoa, eta ez du zer ikusirik sentsazionalismoarekin ezta eredugarria izateko asmoarekin ere. Nonahi aurkituko dugun COVIDetik harago, balio du, nire ustez, gogoeta egin eta jakiteko zer den egotea bestaldekoen lekuan, pazienteen tokian, hain zuzen ere, bertan izango baikara guztiok lehenago edo geroago. Kontakizuna Osalde-ko web-orrian dago argitaratuta.

J.U

Erlazionaturiko Loturak

  1. Osaldeko web-orria

Lanean ari gara….

2009ko otsailaren 12an inauguratu zen Bermeoko osasun-zentroa, Bermeoko Ospitaleko mojen antzinako egoitzan. Zentro berria egiteak bi ondorio izan zituen, leku zabalagoa edukitzea osasun-arretarako, eta osasun mentaleko zentroa gehitzea lehen-mailako arretari, pediatriari eta emakumeen arretarako zerbitzuei. Baina, inauguratu eta ia 12 urteren bueltan, zentroa txiki geratu zaigu.

Beste alde batetik, Barrualdeko ESIk pediatria-zerbitzua handitzeko beharra ikusi du, kalitatezko arreta eskaintze aldera Bermeo, Sukarrieta eta Mundaka herrietako haurrei; halatan, aztertzen ari dira oraingo zentroa OMZ dagoen tokira eramatea, baldintza hobeak betetzen dituelako irisgarritasunaren ikuspuntutik, eta bertako gune batzuk erabili ahal izango dituztelako askotariko jardueratarako.

BOMS bat dator haurren arreta hobetzearekin, baina horrek ekarriko digu, batetik, erronka bati aurre egitea, eta bestetik, nolabaiteko galera bat jasatea. Erronka, leku berri bat bilatu eta eraiki beharko dugulako, herritarrei osasun mentaleko arreta ematen jarraitzeko, eta nolabaiteko galera ere, hemendik aurrera ez garelako horren estu lotuta egongo fisikoki lehen-mailako arretarekin.

Eskuragarri dauden lekuak behin begiratuta, eta dauden aukerak aztertu ondoren, lan-proiektu bat prestatu dugu, Bermeoko ospitaleko kafetegia egon den lekuan zentro berria egiteko. Eraikina goitik behera berrituko da, eta sarrera independentea izango du.

Zentro berria orain dagoen lekutik hamarnaka metro gutxi batzuetara egongo da, eta lehen-mailako arretako zentroaren ondo-ondoan egon ez arren, pazienteei ia oharkabean pasatuko zaie kontsultetara etortzen direnean. Gainera, betiko harreman ona edukiko dugunez eurekin, erraz konponduko ditugu sor daitezkeen eragozpenak.

Gauzak horrela, hilabete gutxi barru lekualdatuko gara, eta esan bezala, ia ez dugu aldaketarik egingo Bermeo, Sukarrieta eta Mundakako udalerrietako herritarrei ematen diegun osasun mentaleko zerbitzuan, baina, horri esker, asko hobetuko da haurrei eskaintzen zaien arreta.

Izaskun Elortegi Kaiero

Psikiatriako klasikoak (LXV): Jaime Vera Lopez, politikan aritu zen psikiatra

Espainiako psikiatriak XIX. mendearen bigarren zatian du jatorria, eta garai hartan, gehien bat, profesional madrildarrak nabarmendu ziren, P. Mata Fontanet buru zutela. Horrek bi jarraitzaile nagusi izan zituen: JMª Esquerdo eta haren ikasle Jaime Vera Lopez salamancarra, hil honetako gure fitxaren protagonista, hain zuzen ere.

Verak lortu zuen ospea ez dio horrenbeste zor bere jarduera klinikoari, baizik eta auzitegi-peritu gisa egindako lanari (hedabideetan zabalkunde handia izan zuten kasu batzuetan), eta, batez ere, politikan agertu zuen jarrera intelektualari. Gainera, (PSOE) Espainiako Langileen Alderdi Sozialistaren sortzaileetako bat izan zen XIX. mendearen hondarrean.

Fitxa honekin amaiera emango diogu 2014ko abenduan Lmentalan hasitako lanketari. Ordutik, hutsik egin gabe, 65 zenbaki jarraian hartu dugu parte, eta atsegingo genuke fitxa hauek gure lanbidearen alderdi historikoekiko interesa pizten lagundu izana.

Agur esaten dugu, aldizkarira aldian-aldian ekarpenik egiteko esperantzan, eta zuei eskerrak emanez gu “pairatzeagatik” urte hauetan guztietan.

Reda Rahmani, Juan Medrano eta Luis Pacheco

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Psikiatriako klasikoak (LXV): Jaime Vera López

Liburuez eta psikiatriaz: Piccola Farmacia Letteraria

Piccola Farmacia Letteraria liburu-denda Florentzian dago (ezin bestela izan), eta salgai dituen liburuetan adierazita dago zer onura terapeutiko duten, nolako albo-ondorio, eta zer maiztasunez irakurri behar diren.

Egia da ideia Amélie pelikulako protagonistaren asmakeria izan zitekeela, baina, ez, errealitatea da, liburu-saltzaile batek sortutako ekimen gozagarria, irakurketaren ahamen sendatzailean sinesten duena, baldin eta irakurgaiak ondo aukeratuta badaude.

Hautapena errazteko asmoz, liburuak sailkaturik dauzkate, aintzat hartuta zer arazo eta patologia lagun dezaketen hobetzen (identitate-krisia, menpekotasuna, alexitimia, desamodioa, dolua…), eta prospektu moduan, koloretako etiketa bat eskegitzen diete, dagokion informazio terapeutikoarekin, bakoitzak zer emozio lantzen duen adierazita.

Horren arrakastatsua izan da, eta horren zabalkunde handia izan du ekimenak, non orain aholkuak ematen dizkieten, web-orriaren bidez, horrela eskatzen dutenei; pixka bat Elena Francisen erara, baina kultura ukitu batekin.

Azken finean, haien zeregina galzorian dagoen betiko liburu-saltzailearena bera da. Izan ere, liburu-dendara bazoaz, begirada bat botako diezu liburu batzuei, eta ondoren, kalakan arituko zara saltzailearekin, iritziak eta gomendioak trukatzen, baina, hori guztia, gaur egun boladan dagoen “Psy” kutsu batekin, eta, gainera, non eta Florentzian: arrakasta segurua da.

Dena den, a zelako gogoa, udalerritik irten eta Florentziara joateko, osteratxo bat egin eta liburu-denda ezagutzeko! Bien bitartean, bisita birtuala egin dezakegu web-orriaren bitartez.

Beatriz Rodríguez Cabo

Erlazionaturiko Loturak

  1. Piccola Farmacia Letterariaren web-orria
  2. Piccola Farmacia Letterariaren aipamena El Mundo egunkarian

Osasun Mentala eta Rock & Rolla (XI): Everybody Hurts (guztiok egiten dugu min). R.E.M.

Kanta hau R.E.M. musika-taldearen ezagunenetakoa da, eta bere diskorik arrakastatsuenean argitaratu zuten (Automatic for the People, 1992). Malenkonia eta hunkidura sortzen ditu, are handiagoak letrari begiratuz gero:

Egun luzea izan duzunean,
eta gaua,
zurea denean bakardadean.
Seguru zaudenean nahikoa izan duzula
bizitza honetaz, bada, eutsi.
Ez etsi,
guztiok egiten baitugu negar,
guztiok egiten baitugu min,
noizean behin.

Kanta nerabeentzat egin zuten, estilo zuzena erabiliz, metaforarik erabili gabe, eta, haren jatorria, benetako suizidio-saiakera bat izan zen. Kantarekin mezu bat bidali nahi zieten lur jota zeuden pertsonei, dena pikutara bidaltzeko gogoa zutenei, helarazteko euren mina ulertzen zutela, eta animoa emateko. Gerora, kantaren bertsioak egin zituzten Bonnie Tylerrek eta Joe Cookerrek, besteak beste, eta 1995 Erresuma Batuan erabili zuten deprimiturik zeuden pertsonei laguntza emozionala emateko asmoz.

J.U.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Everybody Hurts

Zoom, zoom, zoom; zoom, zoom, zoom, Athletic txapeldun !!!

Berebiziko hanka-sartzea gure lider maitearena, Jota JotaRamírezena (ongietorri, gizon prestu hori!), artikulu hau egiteko eskaera egin zionean Etxea doktoreari, zertarako eta gure Athletic-en garaipena ospatzeko Superkopan, madrí eta barça gordin-gordin jan eta gero.

Hona hemen erabaki aldrebes horren emaitza …

Jon Lizarraga Sobrino

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Supertxapeldunok

Erlazionaturiko Loturak

  1. Athleeeeeetic!!!
  2. 2021eko egutegia
KOLABORATZAILEAK

90. zenbaki honetako laguntzaileak:

Beatriz Rodríguez Cabo, Juan Medrano Albéniz (J.Me.), Luis Pacheco Yáñez (L.P.), Reda Rahmani El Ouachekradi, Mariasun Garay Arostegui, Ainhoa Valenciano González, Izaskun Elortegi Kaiero, Paloma Acha (P.A.).

Erlazionaturiko Loturak

  1. Nola lagundu eta Batzorde editoriala
LOTURAK

> <