Lmentala: 91. zk.- 2021eko apirila / Nº 91. - Abril 2021
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Buletina posta partikularrean jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: lmentala@osakidetza.eus

SAREA GARA

Juan Luis Lapuente, BOMSeko Ekonomiako zuzendari berria

Lmentalak emandako aukera aprobetxatu nahi dut nire burua aurkezteko. Juan Luis Lapuente dut izena, eta orain dela gutxi aukeratu naute Sareko Ekonomia eta Finantzako zuzendari lanpostua betetzeko, Bernarren ordez, hark erretiroa hartutakoan, bere bizitza profesionala osasun mentalari eman ondoren.

Bilbon jaio nintzen eta Ekonomia Zientziak ikasi nituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Enpresa pribatu batean hasi nintzen lanean, eta etapa hori behin amaituta, interesa izan nuen hirugarren sektorean lan egiteko. Bertan administrari lana egin nuen, ekintza humanitarioaren eta osasunaren irisgarritasunaren esparruan, Tanzanian, Mugarik Gabeko Medikuak nazioarteko erakundearentzat eta baita Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Instituturako ere.

Ondoren, arlo publikoan aritzeko gogoz, bat egin nuen Ostebako lantaldearekin (Eusko Jaurlaritzako Osaun Teknologiak Ebaluatzeko Zerbitzua), eta lanean ibili nintzen bertako Ekonomia Sailean. Gerora, 2007ko azaroan, zuzendaritzako taldekide izatera igaro nintzen Arabako Osasun Mentaleko Sarean, eta han Ekonomia eta Finantzako zuzendari lanpostua bete nuenez, aukera izan nuen osasun mentaleko lan arloa ondo ezagutzeko. Geroztik, 2011ko martxoan, izendatu ninduten Gorlizko Ospitaleko Ekonomia eta Finantzako zuzendari.

Honako hau niretzat erronka profesionala da, eta zorioneko sentitzen naiz, aukera eman didatelako nire interes pertsonalak eta profesionalak uztartzeko. Poz-pozik nago lantalde aparta honen kide izateagatik, eta ekarpena egin ahal izateagatik Bizkaiko osasun mentala hobetzeko. Gogotsu eta ilusioz beterik nago etapa berri honi ekiteko orduan.
Eta bestetik, Enpresetako Kudeaketako Masterra dago (MBA), nire ibilbide profesionalarekin batera hazi den familia bat, hain zuzen ere, bidaia bat edo beste egitea ekarri didana, eta lagundu didana gauza txikiez, lagunez eta bizitzaz gozatzen.

Juan Luis Lapuente

Gure bisitak zentroetara: gaur, Ercillako OMZ

Ercillako Osasun Mentaleko Zentroa (OMZ) Bilbon dago, eta psikiatria orokorreko kontsultak eskaintzen dizkie helduei. Horretaz gain, artatzen ditu mugako nortasunaren nahasmendua duten pazienteak.

Lantaldean 12 lagun daude: 5 psikiatra, 2 psikologo, 2 erizain, 1 gizarte-langile, 1 administrari, eta 1 zeladore.

Ercillako OMZko bulegoak eta gelak ikusi bitartean, Andere Otegui psikiatra eta zentroko buruak azaldu digu nola egiten dieten harrera eta nola artatzen dituzten, gehienbat, Lehen Mailako Arretatik eta Basurtuko Ospitaleko Psikiatriako Unitatetik eta Larrialdieetatik zentrora bideratutako pazienteak.

Kontatu digu, halaber, nola egiten duten koordiniazioa eta komunikazioa beste espezialitate mediko batzuekin (kontsultarteko arreta ez-zuzenaren bidez, hain zuzen ere), eta nola funtzionatu duen tele-asistentzia zerbitzuak COVID-19k sortutako osasun-alertaren garaian.


E.G.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Gure bisita Ercillako OMZra

Nicolas de Achucarro eta Zamudioko Ospitalea “Gazeta Medikoan”

“Gazeta Medikoa” Zientzia Medikoen Bilboko Akademiaren aldizkari ofiziala da, eta iaz 125 urte bete zituen. Joan den urri-abenduko zenbakian (bere web-orrian irakurgai dagoena), artikulu bana sinatu dute Luis Pachecok, Bilboko Eskualdeko buruak, eta Oscar Martinez Azumendik, buletin honen erredakzioburu ohi eta Barrualdeko Eskualdeko buru erretiratuak.

Biek hartu zuten parte Akademiaren Historia Atalak eta BOMSek elkarlanean prestatutako jardunaldi zientifiko batean, bi efemerideren harira: Nicolas de Achucarro heriotzaren mendeurrena eta Nicolas de Achucarro Institutu Neuropsikiatrikoaren 50. urteurrena (gaur egun, Zamudioko Ospitalea). Eta ekitaldi horietan egindako hitzaldiak, oraingo honetan, artikuluetara ekarri dituzte.

Batetik, Luis Pachecok Nicolas de Achucarroren ibilbide biografikoa egin du, eta bertan aipatu, askoren iritziz, lehen euskal neurozientifikoa izan zela. Hori gutxi ez eta bilbotar petoa dugu Achucarro, Bidebarrieta kalean jaio baitzen.

Eta bestetik, Oscar Martinez Azumendik bidaia historikoa egin du Bizkaiko arreta psikiatrikoan zehar, XIX. mendean hasi zenetik Zamudioko Ospitalea inauguratu zen arte (1968 irailean).

Aipatutako artikuluak, eta jardunaldian parte hartu zuten beste batzuen edukiak ere, irakurgai ditugu aldizkariaren web-orrian.

J. U.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Gaceta Médica

Gure egitasmo berria: osasun arloko emaitzak txertatzea TIEP programan

TIEP programaren bitartez, artatzen ditugu Nortasunaren Ezegonkortasun Emozionalaren Nahasmendua duten pertsonak, eta orain hasiko gara ebaluatzen, batetik, osasun arloan lortutako emaitzak, eta bestetik, hasieratik pazienteekin batera hartu ditugun erabakiak.

Proiektu honi esker, aldi berean hobetuko ditugu programaren emaitzak eta pazienteen esperientzia, begirada jarrita haientzat garrantzitsuak diren gauzetan. Gainera, euren laguntzarekin berriro diseinatuko dugu bakoitzari ematen diogun arreta.

Gure Plan Estrategikoaren lan-ildo nagusietako bat osasun arloan lortzen ditugun emaitzen ebaluazioa da, eta guretzat oso erronka handia da hori, kontuan hartuta erreferentzia eta metodologia gutxi daudela esparru horretan.

Hori horrela, erreferentzia gisa hartu dugu irabazi asmorik gabeko ICHOM entitatea (Osasun Arloko Emaitzak Neurtzeko Nazioarteko Partzuergoa). Bertan, nazioarteko adituek neurketa-sistema estandarrak garatzen dituzte, osasun arloko emaitzak neurtzeko asmoz. Aditu horietako batzuk osasun-profesionalak dira, eta beste batzuk, pazienteak eta pazienteen elkarteak.

Neurketa-sistema estandarizatu batek adierazle-multzo bat dauka, patologiaka sailkatutakoa, eta horren bitartez, bi datu-mota jasotzen ditu:

1. Datu klinikoak: profesionalek edo osasun-sistemak bildutakoak.
2. Pazienteek emandako informazioa: osasun-arloko emaitzen ingurukoa (PROM-adierazleak), eta arreta-prozesuan eta gaixotasunaren bilakaeran bizi izandakoari buruzkoak (PREM-adierazleak).

Gaur egun ICHOM-ek adierazle-multzo batzuk ditu ezarrita osasun mentalaren esparruan: depresioa eta antsietatea, adikzioak, psikosia eta nortasunaren nahasmenduak.

Lanketa honetan lagunduko digu estandar horiek erabiltzen esperientziarik handiena duen Osakidetzako erakundeak, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESI-ak.

Mónica López

Erlazionaturiko Loturak

  1. Informazio zabalagoa helbide honetan (sakatu hemen)

IkasTIC: informatikako erremintei buruzko prestakuntza

Pandemiak, beste gauza batzuekin batera, eraldaketa digitala ekarri du arlo pribatura zein erakunde publikoetara.

Gizarteak, oro har, teknologia baliatu du COVID-19aren ondorioetako batzuk arintzeko. Guk, adibidez, aukera izan dugu urrutitik sartzeko gure erabiltzaileen historia klinikoetara (orain arte pentsaezinak ziren tokietatik ere), eta bideokonferentzia bidez egin ditugu talde-bilerak, kontsultak eta abar.

Halarik ere, Sistemetako Unitatean eta Etengabeko Prestakuntzako Zerbitzuan uste dugu gure zeregina dela informatikako baliabideen gaineko ezagutza hobetzeko aukera eskaintzea BOMSeko profesionalei, ahal denik eta etekinik handiena atera diezaieten euren eguneroko lanean. Horrenbestez, daukagun prestakuntza-eskaintza berrikusi dugu, eta IkasTIC tresna egokitu dugu behar berrietara.

Dagoeneko prest ditugu prestakuntza-pilula berriak; bizpahiru orduko iraupena dute, eta behin eginda, Etengabeko Prestakuntzako Zerbitzuak langilearen esku jarriko du dagokion ziurtagiria. Prestakuntza-pilulak Zoom aplikazioaren bidez emango ditugu, eta, gehienez ere, 5 parte-hartzaile egongo dira saio bakoitzean. Hilero erreminta bat landuko da, eta horren gainean saio bat emango dugu astean; horrela, profesionalak erabaki dezake zein egunetan komeni zaion egitea.

Hau da egutegia:

- Martxoa: BOMSeko profesionaleentzako oinarrizko tresna informatikoak.
- Apirila: Outlook 2016 aurreratua
- Maiatza: Osabide Globaleko funtzioak eta praktika egokiak
- Ekaina: Laneko tresnak (Osagune, Osabox)
- Iraila: PowerPoint 2016
- Urria: Excel 2016
- Azaroa: Bideokonferentziak egiteko tresnak (Zoom, Skype)
- 2022ko otsaila: Herritarrentzako tresnak (Osasun-karpeta, Osakidetzako APP-ak)

Aipatutako prestakuntzaz gain, IkasTIC-ek banakako eskolak ere eskaintzen dizkie BOMSeko profesional guztiek. Halatan, norbaitek beharra badu teknologiari buruzko prestakuntza berezia jasotzeko, IkasTIC-pilula bat du eskatzerik helbide honetan: rsmb.ikastic@osakidetza.eus.

Erlazionaturiko Loturak

  1. IkasTIC: informatikako erremintei buruzko prestakuntza

Hilero, ingurumeneko jarduera egoki bat

BOMSek profesionalon osasuna sustatu nahi du, eta gure lan-ingurunea hobetu, osasungarria, eraginkorra eta segurua izan dadin.

Horregatik, aurrera jarraitzen dugu 2021eko urtarrilean abiatu genuen kanpainarekin, eta, oraingo honetan, ekarri dizkizuegu martxoko eta apirileko proposamenak: “Erabili berriz kargatzekoak diren pilak” eta “Birziklatu edo konpondu botatzeko zenituen gauzak”.

Horrekin guztiarekin, bi helburu lortu nahi ditugu, hausnarketa egitea proposaturiko gaien inguruan, eta gure ingururik hurbilena hobetzea.

Argazki bilduma

Eguneko ospitaleak: erabiltzaileentzako bideotutorialak

Zenbaki honetan, emango dizuegu Areetako eta Erandioko eguneko ospitaleetan aurrera eraman dituzten bi ekimenen berri. Biak ala biak gauzatu dituzte ikus-entzunezko euskarrien bitartez.

Guztiok dakigunez, ariketa fisikoa da bizimodu osasungaria izateko oinarrietako bat. Horregatik, Areetako Eguneko Ospitalean, bideo bat prestatu dute, eta bertan erakutsi gorputza bizkortzeko ariketa sorta bat, pazienteek, gogo handiz, goizero betetzen dutena.

Erandioko Ospitalean ere bideo bat erabili dute, baina, oraingo honetan pazienteei telefono adimendunen oinarrizko kontzeptuak irakasteko. Gaur egun, eskuko telefonoa aldi berean da komunikazio-tresna eta ezagutza handitzeko erreminta, eta hura erabiltzen jakiteak lagunduko die gure erabiltzaileei adituek deitzen duten “Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartean” txertatzen.

Bi bideo hauetan ikus dezakegu nolako gauzak egin ditzakegun BOMSen, gogoa eta ilusioa izanez gero, zeren, gainerakoan, nahikoa baliabide tekniko ditugun. Hortaz, bakarrik falta ditugu Rosa eta Juan bezalako pertsonak, sinesten dutenak beti dagoela ingurukoei zerbitzu ona eskaintzeko beste modu bat.

E.G.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Elkarrizketa Rosa Callejari eta Juan Enrique Lopezi

Erlazionaturiko Loturak

  1. Eskuko telefonoaren oinarrizko kontzeptuak. Bideoa.
  2. Nola egin luzaketak aulki batean. Bideoa.

Julian Leff gogoan

Julian Leff irakaslea zendu da joan den otsailaren 23an, 82 urte zituela. Gure belaunaldiko itzal handienetako psikiatra izan da, batez ere, buruko nahasmendu larriaren esparruan eta psikiatria sozialean interesa jarrita dugunontzat.

Leff-ek egiaztatu ahal izan zuen eskizofrenia zuten pertsonen sendien eta zaintzaileen portaerak, batzuetan, eragiten ziela berriro gaixotzea, eta egitate horretatik garatu zuen “adierazitako emozioaren” ideia 70eko eta 80ko hamarkadetan. Azken urteotan, “Abatar-terapia” bultzatu zuen, haluzinazioak dituzten pertsonak artatzeko.

Lanbide-karrera Erresuma Batuan egin zuen, Londresen nagusiki, eta bertan zuzendu zuen paziente psikiatrikoak desinstituzionalizatzeko egin den ikerketarik garrantzitsuenetako bat. Izan ere, TAPS izeneko proiektuaren harira, alta emandako 1500 pazienteren jarraipena egin zuen, Londres iparraldeko bi psikiatriko handi itxi eta gero.

Julian, beste ikuspuntu batzuetatik begiratuta ere, xelebrea izan zen: ilea nahasia zuen, eta bekainak, iletsuak; zaletasuna zion kozinatzeari, pianoa jotzeari, eskulturari, serigrafiari eta zilarrezko urregintzari, besteak beste.

Plazera izan zen Leff hartzea gure II. Jardunaldietan, 1999. urte urrun hartan. Garaian “Zamudioko Ospitaleko Errehabilitazioko Jardunaldiak” zuten izena, eta estigmaz jardutera etorri zitzaigun. Zoritxarrez, ez dugu ekitaldiaren argazkirik gorde (edo agian, “zorionez” esan beharko genuke, baldin eta pentsatzen badugu nolako ezustea hartuko genukeen). Gogoratzen dudanez, Espainian 2014an egon zen azken aldiz, Avileseko urteroko ETAC-eko Biltzar Nazionalean; orduko hartan, “Abatar-terapia” izan zuen mintzagai, hain zuzen ere.

Goian bego.

Intxaurrak burmuinarentzat

Eva Garnica lankidearen blogaren izenburua dugu “Nueces para el cerebro” (Intxaurrak burmuinarentzat). Bloga, bere esanetan, “elikaduraren psikiatriaz eta bizimodu osasungarriaz hitz egiteko topagune bat da. Horren bidez, tratamenduak hobetzeko ikuspuntu berri bat eskaini nahi da”.

Horixe da helburua, eztabaidatzea eta informazioa ematea dietari buruz, eta aztertzea nolako eragina duen gure osasunean, bereziki, gure osasun mentalean. Adibide bat ekarri dizuegu hona, ikusteko noraino prebeni dezakeen depresioa dieta osasungarri batek.

J.U.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Dieta eta depresioa: korrelazioa ala kausalitatea?:

Liburuez eta psikiatriaz: baina, irakurtzeak… on egiten al digu benetan?

Iruzkin honetan, gure laguntzaileak azalduko digu norainoko ahalmen terapeutikoa duen irakurtzeak: “biblioterapia” omen du izena.

Egia da ohituta gaudela liburu- edo musika-gomendioak ematera, besteon pairamen emozionala arintzeko asmoz; baina, berak esan digunez, batzuetan nahasten dugu literatura-gomendioak ematea autolaguntzako liburuak gomendatzearekin. Nire ustez, biak ala biak dira onuragarriak, bai literatura gozagarria, bai eskuliburuen gaineko aholkuak, baldin eta nahikoa onak balira, jakina (gogoan izan zenbat hitzontzi ibiltzen diren munduan barna …).

Adibide ona dugu Galiziako Liburutegi Publikoen Sarean, haren “Biblioterapia eta Irakurketa Osasungarriak” orrialdean. Bertan aurkituko ditugu, hain zuzen ere, adituek hautatu, ebaluatu eta ontzat emandako testuak.

Beatriz Rodríguez Cabo

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Esto de leer funciona

Dostoievski eta supergizakia

Pedro Muñozek bidali digu iruzkin hau. Bertan gogoeta egin du Dostoievskiren lanaren inguruan, eta bereziki, “Krimena eta Zigorra” eleberriaren Rodión Románovich Raskólnikov protagonistari buruz. Dostoievski irakurtzeko (edo berriro irakurtzeko) gogoa piztuko digute, batetik, pertsonaiaren izaera sakonak eta, bestetik, eleberriak ematen digun mezuaren gaurkotasunak.

J.U.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Iruzkina

Osasun Mentala eta Rock & Rolla (XII): Manolo Kabezabolo

Manuel Méndez Lozano zaragozarraren izen artistikoa da. Manolo Espainiako punk-ikonoetako bat dugu. Karrera 80ko hamarkada urrunaren amaieran hasi zuen arren, su eta gar jarraitzen du gaur egun ere, joan den urtean argitaratu zuen azken diskoari esker: “Tanto Tonto Monta Tanto”. Bitxia da, orobat, bere musika-taldearen izena: “Los ke se van del bolo”; orain, “Los K No Dan Pie Kon Bolo (LKNDPKB)”.

Bere biografian jasota dago, 90eko urteetan gertakari psikotiko bat izan eta gero, Zaragozako erietxe psikiatriko batean ospitaleratu zutela. Pasadizoa kondairaren parte izan ala ez, esaten dute itxialdi gordina pairatu eta gero, psikiatra gazte batek utzi ziola asteburuetan irteten, eta horregatik, berriro heldu ahal izan ziola musikari. Gero, psikiatraren omenez, kanta bat egin zuen. Manolok berak, sen onez, honela esan zuen: “amorratzen nau izan dudan arrakastaren zati bat psikiatriko batean egon izanari zor izateak”.

Bolo-bolo ibili dira, halaber, bere kantetan botatakoak: ”¿Y usted qué opina del aborto de la gallina?”. “Más allá del bar habrá un lugar, donde yo cada mañana iré a potar”. “Tengo un spiz amarillo, si está bueno te lo pillo. Está muy bien pal jolgorio, lo hago en mi laboratorio”.

Baina, drogarekin gero eta lotura txikiagoa omen dute “Tanto Tonto, Monta Tanto” diskoaren letrek, eta, antza, konpromiso handiagoa agertu politikarekin eta gizartearekin. Horren erakusgarri, bere lehendabiziko bideoklipa: “Historia Histérica”.

J.U.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Youtubeko esteka: Historia Histérica

Argazki bilduma

91. zenbaki honetako laguntzaileak:

Paloma Acha Pajares, Juan Luis Lapuente, Pedro Muñoz eta Beatriz Rodríguez Cabo.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Nola lagundu eta Batzorde Editoriala
LOTURAK

> <