Lmentala: 92. zk.- 2021eko ekaina / Nº 92. - Junio 2021
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Buletina posta partikularrean jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: lmentala@osakidetza.eus

SAREA GARA

Asebeteta gaude gure lanean BOMSen lan egiten dugun pertsonak?

Jakin nahi dugu zenbaterainokoa den Sarean lan egiten dugunon gogobetetasuna.

Horretarako 19 galdera labur dituen inkesta bat prestatu dugu, bertan 1etik 6ra zenbait alderdi baloratzeko: prestakuntza, segurtasuna, euskara, berdintasuna, lan-giroa, aplikazio informatikoak, komunikazioa…

Inkesta Intrantean duzu eskuragarri ekainean erantzun ahal izateko.
Uste baduzu zerbait aldatu behar dela, orain da garaia

Ez utzi geroko, anima zaitez erantzutera!

BOMSeko II. Euskara Planaren ebaluazioaren emaitzak

2013ko euskararen egunean, abenduaren 3an, jarri genuen martxan II. Euskara Plana, 2013-2019 aldirako. 2020an, plangintzaldia behin amaituta, ebaluazioa egiteari ekin genion Elhuyar Aholkularitza erakundearen eskutik, eta emaitzak jaso berri ditugu: BOMSeko Euskara Planaren helburu eta neurien betetze-maila %71-100 bitartekoa da, hau da, betetze-maila aurreratua.

Ebaluatzaileen arabera, hainbat dira gure Euskara Planak dituen indarguneak. Hauek nabarmendu dituzte: profesional gehienek ezagutzen dituzte Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Jarraibideak (lehen hitza euskaraz, erabiltzaileak hizkuntza aukeratu, aukeratutako hizkuntzan jarraitu…), profesionalek euskara ikasteko dituzten aukerak, zuzendaritzaren eta hainbat arduradunen inplikazioa eta konpromisoa, euskara plana BOMSeko plan estrategikoan txertatuta egotea eta Euskara Batzordea eta Euskara Zerbitzua.

Era berean, euskara planak aurrera egiteko hainbat alor hobetu behar ditugula adierazi digute; hauek nabarmendu dituzte: arduradun guzti-guztien inplikazioa lortzea, profesionalei euskaraz lan egiten laguntzeko prestakuntza gehiago eskaintzea,
euskaldunak ez diren profesionalak sentsibilizatzea, profesional guztiek betetzea Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Jarraibideak eta
hizkuntza ohiturak aldatzeko estrategia gehiago martxan jartzea.

BOMSeko Euskara Zerbitzuan ados gaude ebaluatzaileek egindako proposamenekin eta den-denak hartuko ditugu aintzat III. Euskara Planean. Horien artetik, azkena azpimarratu nahi genuke, hizkuntza ohiturak aldatzeko estrategiak martxan jartzea. Izan ere, gaur egun BOMSeko langileen erdiek baino gehiagok dakite euskara, 500 profesional inguruk, eta, hortaz, III. Euskara Planaren helburu nagusietako bat euskararen erabilera handitzea izango da, profesional horiek guztiek euskara gehiago egitea. Guztion artean lortuko dugu!

BOMSeko Euskara Zerbitzua

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. II. Euskara Planaren amaierako ebaluazioa

Argazki bilduma

Bideo hunkigarria egin du BOMSek 2020an erretiroa hartu dutenentzat

Dakizuenez, urtero antolatzen dugu ekitaldi bat langile erretiratuen omenez.

Aurten ezin izan dugu aurrez aurreko ekitaldirik egin, baina BOMSek ez ditu 2020an erretiroa hartu dutenak ahaztu, eta gure esker ona adierazi nahi izan diegu urte hauetan guztietan egin duten lan gogotsuagatik, partekatu ditugun gauzengatik eta elkarrekin ikasi dugunagatik.

Onena opa diegu euren bizitzako etapa honetan, eta etxera helarazi dizkiegu erantsita duzuen bideoa eta oroigarri txiki bat.

Bideoan parte hartu duzuenoi eskerrik asko. Bideoa BOMSeko informatika zerbitzuko Leire Erkorekak editatu du eta musika gure lankide Jose Uriarterena da.

BOMSeko zuzendaritza

Erlazionaturiko Loturak

  1. Bideoa ikusteko esteka

Argazki bilduma

BOMSeko langileen txertaketa-datuak

COVID-19ren kontrako txertaketa-kanpaina eraman dute aurrera BOMSeko Prebentzioko Oinarrizko Unitateak, erizaintzako gainbegiraleek eta administrazioko langileek, eta gauzatu da BOMSeko egoitzan eta hiru ospitaleetan.

Hauek dira kanpainaren emaitzak:

Erakundeko eta kontratatutako zerbitzuetako 1.247 langileetatik, 1.069 txertatu dira (% 86). Batzuek ez dute txertoa jaso, gaixotasuna pasatu dutelako eta oraindik itxaron behar dutelako. Bestalde, 94 lagunek uko egin diote txertoa hartzeari (%7,5ek, hain zuzen).


BOMSeko pazienteen segurtasuna bultzatzen

Erakunde batzuek zainketen bikaintasunari begira egiten dute lan (CCEC®). Horrek esan nahi du sistematikoki eramaten dituztela praktikara zainketako ikerkuntzan lortutako emaitzarik onenak, eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea horietako bat da.

Izan ere, gure erakundeak, “Zainketen bikaintasun zentroa” izateko hautagaia den aldetik, konpromisoa hartu du aurrera eramateko hiru zainketa-gida; horien artean, “Pazientearen segurtasuna areagotu: euspen mekanikoaren ordezko aukerak” izenekoa.

Conchi Moreno

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Albiste osoa irakurri.

BOMSeko ikerketa-taldearen bikaintasuna “finkatutzat” jo du BioCrucesek

BioCruces Bizkaiak “Ikerketako Bikaintasun Talde finkatu” gisa sailkatu berri du Osasun Mentaleko Sareko ikerketa-taldea.

Albiste bikaina da, eta baita taldeko ikertzaileek egindako lana aintzatesteko modu polita ere. Biocruces Bizkaiaren barruan kategoria gorena lortzea ez da erraza, eta meritu handia du.

Zorionak guztioi, zientziaren alde egiten duzuen lanagatik eta ekarpenagatik.

Bejondeizuela!!!!

Conchi Moreno

BOMSeko intranetean nabigatzen (I)

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko profesionalek dugun informazio-iturri nagusietako bat gure intraneta da. Bertan ikus ditzakegu egunerokoan baliagarriak gertatzen zaizkigun albisteak, deialdiak, legezko informazioa, oharrak, bideoak eta abar. Eta informazio asko dagoenez, batzuetan zail egiten zaigu behar duguna aurkitzea.

Horregatik, Lmentalaren zenbaki honetatik aurrera, bideo-sorta baten bidez, erakutsiko dizkiegu intraneteko atal guztiak, eta bakoitzak dituen tresna baliagarriak.

Lehenengo honetan oinarrizkoa ikusiko dugu: zelan aurkitu gure zentroak Google Maps-en, eta nola jarri eurekin harremanetan.

Leire Erkoreka Anda

Erlazionaturiko Loturak

  1. BOMSeko intranetean zehar nabigatzen (I)

Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalaren berripapera

Irakaskuntzako Unitateak buletin digitala estreinatu berri du: “Irakaskuntzako berripapera”. Bihilabetekari honetan, gure unitateko informazioa emateaz gain, zabalduko ditugu barne-mediku, psikologo eta erizainen irakaskuntzari buruzko albisterik interesgarrienak.

Haren gaineko kontsultarik egin nahi izanez gero, jarri harremanetan gure ikasketaburu Eva Garnicarekin: EVAMARIA.GARNICADECOS@OSAKIDETZA.EUS

Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionala

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Irakaskuntzako berripapera. 2021eko apirila

Historia klinikora baimenik gabe sartzeak ondorio larriak ekar ditzake

Luis Pacheco eta Juan Medrano ohartarazten digute praktika hori uste baino zabalduago dagoela, eta baimenik gabe sartzen direnei ondorio larriak ekarri ahal dizkiela, administratiboak, eta bestelakoak ere.

Erantsitako artikulu garrantzitsu eta interesgarrian zehaztu dituzte historia klinikoari lotutako araudia eta legeria, eta argigarri gisa, jaso dira gertatutako kasu batzuk eta horietan emandako epaiak.

Animatu irakurtzera.

J.U.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Historia klinikoko sarbidea

Nazioarteko mintegia: “Trabajo Forense a Debate” (Auzitegiko lana eztabaidagai)

Aurtengo apirilaren 22an, Bilboko Bizkaia Aretoan (UPV/EHU), “Trabajo Forense a Debate” nazioarteko mintegia egin genuen. Aldi berean aurrez aurre eta on-line bidez egindako jardunaldi horretan, sinergiak batu genituen nazioarteko eta nazio mailako adituok.

Jardunaldiaren antolatzaileak izan ziren Euskal Herriko Unibertsitatea, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea (Osakidetza – Euskal osasun zerbitzua), Euskadiko Birgizarteratze Institutua, Osasun Mentaleko Elkartea, eta Auzitegiko Psikoterapiako Nazioarteko Elkartea.

1. Inaugurazio-ekitaldia Estela Welldon-ek egin zuen on-line bidez. Estela (1939) diziplina honen eta IAFPn sortzailea da.
2. Elkarrizketa-mahaia (1). Perspectivas nacionales. Trabajo Nacional Forense y Psiquiátrico: Moderatzailea: Élida Grande. Psikiatra. BOMS. Indarkeriaren aurkako Batzordea.
3. Elkarrizketa-maila (2). Perspectivas nacionales desde la Educación. Moderatzailea: Israel Alonso. Euskal Herriko Unibertsitatea.
4. Elkarrizketa-maila (3). Perspectivas internacionales (on-line). Moderatzaileak: Iñaki Gómez. Emma Went eta Francesco Spadaro. IAFP.

Hurrengo egunean, apirilaren 23an, IAFP-ren Munduko Biltzarraren 29. edizioa egin zen, online bidez. Jorratutako gai nagusia genero-indarkeria izan zen, eta ingelesez “Gendercide. Gender Divide” izena eman zioten.

BOMSetik online bidezko txosten bat aurkeztu genuen, jardunaldiaren 2. Mahiarekin koordinazioan, "Approach to Forensic Psychotherapy from different perspectives" izenburupean. Lehen txostengilea mahaiaren antolatzailea izan zen, Elida Grande, lankidetzan arituz Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Miguel Angel Gonzalez-Torresekin, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Margarita Saenz Herrerorekin.

Elida Grande

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. IAFP-ren Biltzarra
  2. Mintegia

Erlazionaturiko Loturak

  1. Txostenak entzuteko lotura

Zer ekarpen egiten dio albiste bati “eskizofreniko” hitza erabiltzeak?

Bego Iriartek bidali digu, eta Manuel Muñozek egindako gogoeta bati buruzkoa da. Muñoz Diagnostiko Psikologikoko katedraduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutensean, eta bere buruari galdetu dio ea zergatik erabiltzen den “eskizofreniko” hitza albisteen titularretan. Tamalez, horrela gertatu da zenbait gertakariren harira Madrilgo Erkidegoko azken hauteskundeen garaian.


Erlazionaturiko Loturak

  1. Artikuluko lotura

"Intxaurrak burmuinarentzat" bloga

Hona hemen “Intxaurrak burmuinarentzat” blogaren beste emanaldi bat. Dakizuenez, gure lankide Eva Garnicak idatzi eta argitaratzen du bloga, eta aurrekoan esan bezala, jorratzen ditu osasun mentalaren, eguneroko ohituren eta elikaduraren inguruko gaiak.

Bigarren emanaldi honetan gogora ekarri du 2019an British Medical Journal aldizkarian argitaratu zuten artikulu bat, zeinetan aztertzen zen nolako dieta egiten duten buruko nahasmendu larriak zituzten pertsonek, zeren eskizofrenia, nahasmendu bipolarra eta halako gaixotasunak dituzten pertsonek osasun txarragoa eduki ohi duten, eta aukera handiagoa goizago hiltzeko eritasun kardiobaskularren ondorioz.



Erlazionaturiko Loturak

  1. Nola elikatzen dira buruko nahasmendu larria duten pertsonak?

Liburuez eta psikiatriaz: “Bibliosaúde”, biblioterapia-proiektua

Interneten begiratuz gero proiektu asko aurkituko dugu biblioterapiari buruz. Horietako batzuk udalek bultzatu dituzte, eta beste batzuk gizarte-zerbitzuek edo osasun zerbitzuek (estatukoek eta nazioartekoek). Estatu mailan sustaturiko bat Galiziako Osasun Sistema Publikoarena dugu, bere liburutegi “Biosaúde”ren bidez egindakoa; hain zuzen ere, 2019an, BOMSeko jardunaldietan, Yolanda Triñanes-ek aurkeztu ziguna.

Izan ere, Galiziako Osasun Sistema Publikoak gida bat sortu zuen, “Biblioterapia: Irakurketa osasungarriak” deiturikoa. Bertan, sintomarekin edo kontsultatzeko arrazoiarekin bat etorrita, sailkatu dituzte helduei eta haur-nerabeei zuzendutako liburuak (autolaguntzakoak, eleberriak…). Galiziako Liburutegi Publikoen Sareak (SEMERGEN), Psikologoen Elkargo Ofizialak, eta beste batzuek egin zuten gidaren zabalkundea.

Ni ezin izan nintzen Yolandaren aurkezpenean egon, baina berak egindako txostena berrikusten ari naizen honetan, ohartu naiz nolako lan eskerga dagoen proiektuaren atzean. Egia da lan handia dela liburu bat idaztea, baina baita zerrenda bat osatzea ere; horretarako bi lantalde sortu behar izan baitzituzten, espezialista askorekin. Talde klinikoak 20 profesional zituen (psikiatrak, psikologiak, dokumentalistak, …), eta autolaguntzako/psikoheziketako liburuak hautatu zituzten. Talde literarioak, aldiz, 6 kide zituen (literaturan adituak, liburuzainak eta psikiatra bat), eta fikziozkoak ez ziren eleberriak eta bestelako liburuak aukeratu zituzten.

Lehendabizi, talde biek egin zuten ikerketa bat, literaturaren berrikusketa bat eta egitasmoen eta aurreko esperientzien azterketa bat ere, erabakitzeko zer liburu sartu behar zituzten zerrenda bakoitzean. Ondoren, dokumentu bat sortu eta abian jarri zuten proiektua. Azpimarratu behar dugu hirugarren talde baten laguntza ere izan zutela, pazienteek osatutakoa, zerrenda bat helarazi ziena euren gomendioekin literaturaren gainean.

Arestian aipatu bezala, azken emaitza “Biblioterapia: Irakurketa osasungarriak” izenburu duen gida izan da, eta bi bertsio ditu: laburra eta luzea. Bertsio laburrak (pazienteentzat egokiagoa dena) liburu bakoitzaren azalaren argazki batekin batera, bi lerroko azalpen bat eskaintzen du argitalpen bakoitzari buruz.

Beatriz Rodríguez Cabo

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Biblioterapia: Irakurketa osasungarriak

Erlazionaturiko Loturak

  1. Proiektuak web-orri bat dauka, eta helbide honetan kontsulta daiteke:

Erretzeari uzteko tailerrak

Erretzeari utzi nahi dioten paziente eta profesionalek aukera dute aurrez aurreko edo on-line bidezko tailerrak egiteko. Biak ala biak eskuragarri daude Osasun Eskolako tabakismoaren prebentzioko atalean, beste material eta erremintekin batera. Bertan, batetik, informazioa aurkituko dute jakiteko zer egin behar duten osasun-zentroetako aurrez aurreko tratamenduetan parte hartzeko, eta bestetik, ikusiko dute badaudela erretzeari uzteko beste baliabide batzuk ere: on-line tailerrak, telefono bidezko laguntza eta baita laguntzako aplikazio bat ere.

On-line bidezko taldeak martxoan hasi ziren, eta irailean bukatuko dira.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Informazio zabalagoa eta izena emateko formularioa
  2. Tabakismoaren prebentzioko orria. Osasun Eskolako esteka:

Hilero, ingurumeneko jarduera egoki bat

BOMSek profesionalon osasuna sustatu nahi du, eta gure lan-ingurunea hobetu, osasungarria, eraginkorra eta segurua izan dadin.

Horregatik, aurrera jarraitzen dugu 2021eko urtarrilean abiatu genuen kanpainarekin, eta, oraingo honetan, ekarri dizkizuegu ekaineko eta uztaileko proposamenak: “Ez erosi behin bakarrik erabiltzekoak diren gauzak” eta “Ipini garbigailua beterik dagonean”.

Horrekin guztiarekin, bi helburu lortu nahi ditugu, hausnarketa egitea proposaturiko gaien inguruan, eta gure ingururik hurbilena hobetzea.

Argazki bilduma

Osasun Mentala eta Rock & Rolla (XIII): Rap-a eta psikiatria

JAMA Pediatrics aldizkariak artikulu oso bitxia argitaratu zuen iazko abenduan. Bertan aztertzen zituen rap-abestien letrak, eta noraino zeuden lotuta osasun mentaleko kontuei. Aintzat hartu behar dugu ikerlana AEBn egin zutela, zeren herrialde horretan, rap-kantariak oso ospetsuak izateaz gain itzal handia baitute herritar askorengan, are gehiago, ahalmena dute osasun mentalaren gaineko ikusmoldea aldarazteko, eta estigma murrizteko.

Kontua da berrikusi zituztela urte jakin batzuetako AEBko rap-kantarik ezagunenak (1998, 2003, 2008, 2013 eta 2018); denera, 125 abesti, zeinetan bilatu zituzten, batetik, antsietatearen, depresioaren eta suizidioaren aipamenak, eta bestetik, buruko pairamenari eta estresari buruzko metafora esanguratsuak. Rapero gehienak gizonezko beltzak ziren, eta batez beste, 28 urte zituzten.

Ondorioztatu zuten, 1998tik 2018ra bitarteko kantetan, gero eta gehiagotan jorratu direla osasun mentalarekin zerikusirik duten gaiak, eta ikusi zuten pairamen psikikoa eta suizidatzeko arriskua handitu direla 18 eta 25 urte arteko gazteengan, batez ere afroamerikar gizonezkoengan. Horrenbestez, aukera dago pertsona horiengana heltzeko musikaren bitartez, eta lor daiteke horien estima murriztea eta osasun mentaleko zerbitzuak erabiltzera bultzatzea, laguntza eta tratamendu psikiatrikoa lortzeko, aintzat hartuta pertsona horiek muzin egin ohi dietela.

Eta hau Ice Cube dugu (O´Shea Kackson-en gerlari-izena), rap-kantaririk ospetsuenetakoa eta negozio honetan urte gehien eramaten dituenetako bat, jadanik batere umemokoa ez dena. Ice zinemako artista ere bada.

J.U.


Erlazionaturiko Loturak

  1. Youtubeko esteka
  2. Artiluluaren laburpena

Bon jour, Tristesse

Ezkerraldeko gure berriemaile Jon Lizarragak, Athleticen aditua denak, gogoeta grafiko hau helarazi digu. Bertan uztartu du kopa bien finalen porrota liberazioaren teologiarekin, Athleticekiko zaletasun fidelarekin, Noriegak 1984an Mestallan sartutako golarekin eta El Salvadorreko berunezko urteetan gertatutako Ellakuriaren eta beste 7 pertsonaren hilketarekin.

Abagune hau aprobetxatu nahi dugu gogora ekartzeko (UCA) Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean izandako sarraski hori, zeinaren ondorioz, Auzitegi Nazionalak iaz epaitu eta 130 urteko espetxe-zigorra ezarri zion El Salvadorreko armadako Inocente Orlando Montano koronel ohiari, AEBk Espainiaratu ondoren.

J.U.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Athletic-a eta trasendentzia
KOLABORATZAILEAK

92. zenbaki honetako kolaboratzaileak:

Leire Erkoreka, Conchi Moreno, Eva Garnica, Beatriz Rodríguez, Elida Grande, Paloma Acha eta Jon Lizarraga

Erlazionaturiko Loturak

  1. Nola lagundu, eta Batzorde Editoriala
LOTURAK

> <