Egia esan, orain arte ez dugu jakin holakorik existitzen zenik, eta harrigarria egiten zaigu. Izan ere, fobia pairatzen duen pertsona batek gehiegizko erreakzioa izan eta larritasuna agertzen duenean, neurri gabekoa iruditzen zaigu, guk ez dugulako halakorik sentitu; hala ere, ulertzen dugu fobia edukitzea animaliei (zoofobia), oso handia ez den leku batean itxita geratzeari (klaustrofobia), odola ikusteari (hematofobia), dentistari (odontofobia), espazio irekiei (agorafobia), eta baita dinosauroei ere (deinofobia), nahiz eta gizakiak horiek desagertu eta 60 milioi urte geroago Lurrean bizitzen hastea.
Baina, fobia izatea musikari? Ulertzen dugu pertsona batzuek izu-laborria izatea reggaetoia entzuteari, edo ihes egitea bere betiko lagunak karaokean mikrofonoa hartzen duenean, baita hanka egitea poeta-kantautore batengandik, edo habanera-jaialdi batetik ere. Baina edozein musika mota entzuten duzunean, larritasuna sentitu, kosta ahala kosta hura saihestu, edo etsi-etsian ihes egitea…
Bada, horixe melofobia; hitzez hitz esanda, musikari beldur irrazionala izatean datza. Entzuteak ez ezik, hura irudikatzeak ere izu-atake bat eragin dezake. Bizi garen munduan (isiltasuna anekdotikoa den mundu batean) melofobia larria nozitzeak ia guztiz baldintza dezake gure bizitza. Ez dugu aurkitu haren maiztasun inguruko daturik, ezta kasu kliniko jakin baten adibiderik ere; beraz, uste izatekoa da oso bakanka agertzen dela. Ezezaguna da horren jatorria, baina horretarako tratamendua beste fobia batzuena da: funtsean, terapia kognitibo konduktuala (ez dakigu norainoko arrakasta duen).
Bide batez, esango dugu Melophobia izena duela, halaber, AEBko rock alternatiboko taldearen 2013ko "Cage the Elephant" albumak, 2015ean musika alternatiboko diskorik onenaren Grammy sarirako hautagaia izan zenak. Nahiz eta askok ez daukazuen entzuna, taldea ospea irabazten joan da: 400 milioi aldiz entzun da Spotify-n, eta dagoeneko bi Grammy-sari lortu ditu rock-diskorik onenari, 2016an eta 2019an.
J.U.