Lmentala 23. zk. / nº 23 - 2014ko iraila/ septiembre 2014
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Buletina posta partikularrean jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: lmentala@osakidetza.eus

SAREA GARA

BOMSeko Plan Estrategikoa

Lmentalaren 14. alean, iazko azaroan, jakinarazi genizuen BOMSek gogoeta estrategikoko prozesua abiatua zuela, hurrengo lau urteetara begira, ildo estrategikoak finkatzeko, Osakidetzak eta Osasun Sailak ezarritakoekin bat etortzeko.

Horretan BOMSeko agintari guztiek (80 bat lagun baino gehiago) hartu dute parte; eta horiekin batera, beste erakunde batzuetako profesionalek, bai osasun arlokoek, bai arlo sozio-sanitariokoek, hirugarren sektorekoek eta pazienteen eta senitartekoen elkartekoek. Parte hartzea lan tailerren bidez gauzatu da, dinamika sortzaileak baliatuz. Azken horien bitartez sesioak emankorrak eta entretenigarriak izan dira.

Tailerretan sortutako ideia guztiekin egin zen behin betiko Plan Estrategikoaren idazkia. Agiriak biltzen ditu datozen lau urteetan garatuko diren ildo estrategikoak, helburuak eta egitasmo estrategikoak.

Plan Estrategikoa ezagutzera hasiko da ematen aurtengo azken hiruhilekoan. Sesio batzuk planifikatu dira, tailer formatuan ere. Horietan zuetako askok hitz egiteko aukera izango duzue hurbileko etorkizunean ditugun erronkei buruz. Aurkezpen bilerak ere antolatuko dira, arlo komunitarioan zein ospitaleko arloan.

Buletin honen bidez berri gehiago emango dugu Plan Estrategikoaren edukien eta ekitaldien inguruan.

M.L.
.

Osasun mentalaren aldeko korrika

Urtero, urriaren 10ean, Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hainbat erakundek -instituzio, fundazio, elkarte, eta abar- ekitaldiak sustatzen dituzte komunikatzeko, informazioa emateko, kontzientzia zabaltzeko… Aurten Osasun Mentaleko Sareak jardunaldi berezi bat ospatzea bultzatu nahi izan du, eta gu gogotik ari gara hori prestatzen. “Osun Mentalaren Aldeko Lehengo Herri Lasterketa” da; eta, ondoko lelopean: “Osasun Mentalaren Aldeko Korrika”, Bilboko itsasadarreko erriberak zeharkatuko ditu, Areatzatik Euskalduna zubiraino, gero Guggenheim-en ertzetik itzultzeko. Zirkuito biribila izango da, eta egokia parte hartu nahi duten guztientzat: txikiak zein nagusiak. Bestelako jarduerak ere egongo dira korrikarik egin nahi ez dutenentzat.

Ospakizun handi hau antolatzeko, lankidetzan ari gara Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Bizkaiko Elkartearekin (AVIFES), Bilboko Udalarekin eta Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuarekin. Ekimen hau elkarrekin gauzatu nahi dugu eta ekitaldia topagune ludiko eta dibertigarria bihurtu, osasun mentalari lotutako pertsona askorentzat. Jaia herritar guztientzat izatea nahi dugu, bereziki, gaixotasun mentalek jotakoentzat, euren senideentzat eta arlo honetan lan egiten duten erakundeetako profesionalentzat; eta, irudi positiboa zabaltzearekin batera, gaixotasun honen gainean dauden aurreiritziak eta estereotipoak salatu.

Espero zaitugu! Boluntarioak behar ditugu koordinazioan laguntzeko, seinaleak jartzeko eta informazioa emateko korrikalariei eta hurbiltzen diren ikusleei. Langundu nahi baduzu, bidali mezu elektroniko bat Gizarte Erantzukizuneko Batzordera BOMS.RESPONSABILIDADSOCIAL@osakidetza.net eta zurekin jarriko gara harremanetan:

ANIMA ZAITEZ!

J.M.

Argazki bilduma

BOMSek urtebete egin du HOBE GEHI ideien plataforman

2013ko irailean Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea bat etorri zen “era ofizialean” HOBE GEHI plataformarekin. Zuetako askok dakizuenez, eremu honetara Intranet-en bidez sartzen da; eta horretan bururatzen zaizkizuen ideiak partekatu ahal dituzue, gure esparru profesionalean zenbait alderdi hobetzeko; esate baterako: pazienteen arreta, lan baldintzak, materialak aurreztea, eta abar. Osakidetzako beste erakunde batzuetako lankideekin partekatzen dugu esparru hori, eta helburu bakarra da ideia horiek errealitate egitea.

Plataformaren atzean profesional talde bat dago, Osakidetzako hainbat erakundetakoak eta kategoriatakoak (ordezkari bat erakunde bakoitzeko). Euren lana da ideia guztiak banan-banan berrikusi eta egileari erantzutea. Ondoren ideiarik baliotsuenak nola gauzatu aztertuko da, beste profesional batzuen parte hartzearekin (gerenteak edo Erakunde Zentralekoak).

Plataforma abiatu zenetik ia 400 ideia partekatu dira. Batzuek balio izan dute Osabide Globalean aldaketak egiteko, eta hobekuntzak egiteko pazientearen segurtasunaren esparruan, erosketak egiterakoan, materialak erabiltzeko eta birziklatzeko orduan… Horretaz gain, plataforma erabili ahal da beste batzuek antzerako arazoak nola konpondu dituzten ikusteko eta gainerakoen praktika onak kopiatzeko.

Ideia bat baduzu? Zer deritzozu HOBE+rekin partekatzeari?

Estekan aurkituko duzu informazio zabalagoa.

M.L.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Hobe+ Erabilera

Inauguratu da arlo sozio-sanitarioko Begoñako egoitza txikia

Abuztuaren 4an inauguratu zen Begoñaldeko egoitza txikia. Arlo sozio-sanitarioko dispositibo honek gaixo psikiatrikoak gizarteratzea ahalbidetuko du. Orain arte unitate psikiatrikoetan ospitaleraturik izan diren erabiltzaile batzuek bizimodu normalizatuagoa egin ahal izango dute.

Kudeaketa sistema aitzindaria da, zeren BOMSeko osasun arloko profesionalak lankidetzan aritzen baitira arlo sozio-sanitarioko profesionalekin, eta elkarrekin arduratuko dira pazienteak zaintzeaz.

Egoitzak 11 plaza ditu eta Bilboko Begoña auzoan dago kokaturik. Soslai askotariko profesionalek artatuko dituzte pazienteak: hezitzaileak, psikologoak, gizarte langileak eta osasun mentaleko profesionalak; azken hauek gure sarekoak.

Gaur egun zabaltze eta eraketa prozesuan ari dira, eta bi arloetako profesionalen arteko lankidetza eta koordinazioa errazten ari dira oinarriak ezartzea, zaintza integralagoa eta integratzaileagoa lortze aldera.

Izaskun Eraña
(argazkiak: Nuria Fernández Gayoso)

Argazki bilduma

Mezu seguru bat hilero. Iraila: Istripuak jakinarazi

I.M. & J.F.

Argazki bilduma

EX CATHEDRA

Egoiliarren prestakuntzari buruzko 2014ko gogobetetze inkesta

Aurten ere plazaratzen ditugu egoiliarren gogobetetze inkestari buruzko emaitzak, eurek jasotako prestakuntzaren inguruan; eta horietatik hauexek nabarmenduko ditugu:

EAEko egoiliarren gogobetetze maila orokorra altutzat jo dezakegu, erabilitako galdeketa kontuan hartuta; eta, BOMSeko berariazko inkestak are maila altuagoa islatzen du. Horrek bestelako asebetetzea ekarri beharko lieke bai BOMSi, bai prestakuntzan ari diren egoiliarrei eurei ere.

BOMSeko emaitzei zehatzago erreparaturik (erantzunen %90, EAEko erantzunen %77,4rekin alderatuta), honako hau laburbil dezakegu: asebetetze globala azken urteotako altuena izan da (4,56); eta arestian aipatu bezala, EAEko batez bestekoa baino altuagoa da (3,97). Berezitasunez sailkaturik, psikologiako egoiliarrek batez bestekorik txikiena agertzen dute hiru taldeen artean (4,00); baina, hala ere, altuagoa da EAEko gainerako psikologoen emaitzekin alderatuta (3,56). Psikiatriako eta erizaintzako egoiliarren batez besteko emaitzak antzekoak dira (4,63). Psikiatrei dagokienez, batez bestekoa altuagoa da EAEko datuekin alderatuta (4,08), eta erizaintzan pixka bat baxuagoa da, EAEkoarekin erkaturik (4,70).

Jasotako datuak zorrotzago aztertuz gero, (agiriak kontsulta daitezke erantsitako artxiboetan) hobetzeko arloak ezagutzeko aukera izango genuke; baina oraindik nahikoa dugu horiekin denok poztea. Horretaz gain, eskerrak eman behar dizkiegu egoiliarrei zein tutoreei, eta euren prestakuntzan konprometitu diren gainerako profesionalei, egin duten eginahalagatik eta jarritako gogoagatik.

O.M.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. EAEko 2014ko txosten orokorra, egoiliarren gogobetetze inkestari buruzkoa
  2. EAE osorako batez besteko puntuazioak, 2014
  3. BOMSeko berariazko puntuazioak, 2014

“AP-SM Depresión” Egitasmoa. Esperientzia pilotuaren ebaluazioa eta etorkizunari begirako proposamenak

“AP-SM Depresión” Egitasmoaren txostena argitaratu berri da. Ikerketak arreta jarri du atentzio eredu integratu baten garapenean, depresioa artatzeko; eta ondokoek koordinatu dute: Carlos Calderón, Isabel Mosquera, Laura Balagué, Ander Retolaza, Amaia Bacigalupe, Jon Belaunzaran, Alvaro Iruin, Beatriz García Moratalla eta Leandro Huidobro. Parte hartzeko proiektua da eta atentzioa eraldatu nahi du, ebidentzian oinarrituriko irizpideetara hurbiltzeko, eta aldi berean, gogobetekoa izan nahi du pazienteentzat zein profesionalentzat. 2013an zehar egin da, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta parte hartu dute 9 osasun zentrok, 6 OMZk (86 sendi mediku, LMAko –lehen mailako arreta- 83 erizain, 5 gizarte langile, 17 psikiatra, 6 psikologo eta OMko 10 erizain).

Aurretiko fase batean bilaketa bibliografiko sistematizatua egin zen, depresioa artatzeko lankidetza-ereduen esparruan. Emaitzak eztabaidatu ziren parte hartu zuten taldeekin, esku hartzeko ildoak adosteko asmoz. Azken horiek aurre egin behar zieten aurkitutako arazo nagusiei, eta aldi berean tratamenduari heldu, era eraginkorrean eta egokian, gure asistentzia errealitatea kontuan hartuta. Abian jarritako esku hartzeko ardatzak honako hauek dira:

-Profesionalen arteko komunikazioa eta elkar ezagutza
. Elkar ezagutza
. Asistentzia mailen arteko harremana
-Deribazioa, pazientea beste mediku baten kontsultara bideratzea, eta pazienteen jarraipena
. Nahasmendu depresiboen prebalentzia
. Gertakarien kodifikazio adostua
. LMAtik (Lehen Mailako Arreta) OMra (Osasun Mentala) bideratzea
. Depresioaren kontrako botikak preskribitzea
-Prestakuntza partekatua
. Praktika klinikoen gidak erabiltzea
. Saio partekatuak

Azken ebaluazioa -egindako aldaketak norainokoak diren aztertzeko eta, etorkizunari begira, zehazteko, - baliabide hauekin gauzatu zen:
- Profesionalei egindako inkesta, egitasmoa hasterakoan eta amaitutakoan; horretan arreta berezia jarri zen izandako aldaketetan.
- Datuen bilketa, parte hartu duten osasun zentroetan eta OMZetan, nahasmendu depresiboen intzidentziaren eta prebalentziaren inguruan.
- Botiken preskriptzioaren egokitasunari buruzko datuak, eta abar.

Ander Retolaza

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. “AP-SM Depresión” Egitasmoaren Txostena

Psikologia klinikoaren garrantzia Lehenengo Mailako Arretako arloan

Madrilen 2012ko azaroan egin ziren Psikologia Klinikoko Jardunaldiak Lehenengo Mailako Arretako arloan. Horien arabera, gaur egun adostasuna dago iriztean Psikologia Klinikoak lehenengo mailako abordatzea egiten duela Lehenengo Mailako Arretan. Izan ere, datuek diotenez, kontsulten %43 lotuta daude osasun mentalari, eta emandako errezeten %23 psikofarmakoei dagokie. Gainera, gizarteak gero eta gehiago eskatzen du asistentzia psikologikoa; beraz, agerian dago psikologo klinikoaren garrantzia lehenengo mailako asistentziako dispositiboetan.

Halarik ere, errealitatea oso bestelakoa da, eta gaur egun arauaren salbuespen hutsa da psikologoa egotea osasun zentroetako diziplina anitzeko lan taldeetan.

Arrazoiak askotarikoak dira, eta horiei gehitu behar zaie psikologo klinikoaren betebeharrak zehazterakoan dagoen nahastea. Sarritan ulertzen baita maila horretan kasurik arinenak artatzen direla, hala nola: “egokitze nahasmenduak”, “antsietate nahasmendu eta nahasmendu depresibo arinak eta moderatuak” edo bizi-krisialdiak (eragin psikiko txikia dutenean). Baina, zalantzarik gabe, ikuspuntu hori mugatua da eta errealitatetik oso urrun dago. Izan ere, jarduera kliniko-asistentzialean askotariko diagnostikoak dituen populazioa artatzen da, koadro prodromikoak, edo azpi-klinikoak eta patologia aniztun kronizitatea, zeintzuek esku hartze berezitua behar duten.

Psikologia klinikoaren kontzeptua hobeto ezagutzeko, esku-hartze arlo honetan, beheko artxiboan ikusgai dago Itziar Cabiecesi egindako elkarrizketa. Bera psikologo klinikoa da Leioako Osasun Zentroan, eta erakusten duen ikuspuntua oinarrituta dago esparru horretan egindako lan ibilbide luzean.

Laura Navarro (BPE 3 Irakaskuntza Unitate Multiprofesionala–BOMS)

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Itziar Cabiecesi egindako elkarrizketa. Psikologo klinkoa, Leioako Osasun Zentroan
TXOKO-BOMS

Hemendik hara (elkarrizketa Inmaculada Santosi)

Gure bizitza ohikeria batzuei lotuta dago, horiei esker eguneroko egoerei aurre egin ahal diegu halako segurtasun irudipenarekin: lana, lagunartean egotea, errepide ezagunetan zehar ibiltzea, eta abar.

Baina, norberek ingurutik harago begiratzen duenean, eta “ezezagunaren” eremuan sartzen denean (segurtasunetik zalantzara igarotzen den lekua da hori), gure zentzuak suspertzen dira inguru ezezagunetik jasotzen dituzten seinaleen ondorioz. Hemen, igaro dugun mugaren bestaldean, heltzen zaigun informazioa bihurtzen da esperientzia eta ezagupen berri, eta horiek gure bizitza aberastuko dute.

Gure lankide Inmaculada bidaiari porrokatua da eta berak ederto erakusten digu bere bizitza nola aberastu duen inguru ezagunetik irtetea erabaki zuenetik, etxeko erosotasunetik urrun, beste mundu ezberdin batzuetan sartzeko.

E.G.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Hemendik hara (elkarrizketa Inmaculada Santosi)
LEHENENGO PERTSONAN

Algerion-eko istorioak

Lmentalaren ekaineko alean oso ohikoa ez den albiste bat argitaratu zen, sortze idazketako tailer bati buruzkoa Zamudioko Ospitalean, asistentziaz kanpoko pertsonalak garaturik: María García-Puente eta Lola López de Lacalle.

Esperientzia eta lortutako emaitzak gure orrialdeetatik harago heldu ziren. Beti bezala, gure inguruan sortzen diren albisteei eta kontu berri guztiei adi izan gara, eta oraingo honetan plazera dugu Kikek, tailerreko parte hartzaileetako batek, landu duen testua aurkezteko, Revista de la Asociación Española de Neuropsiquiatría aldizkarian agertu bezala.

O.M.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Algerion-eko istorioak. Kikeren idazkia

PARTISAM Gida. Parte hartzearen eta autonomiaren sustapena osasun mentalaren arloan

BOMSeko 2014ko Asistentziaren Kudeaketarako Planak lehentasun ildo batzuk jasotzen ditu. Horietako batean “errekuperazioa” da ardatza; eta norbera, atentzio prozesuan gabeziak dituenean, parte hartzera bultzatu nahi du:

- Gizarteratzea errazten duten baliabideak sustatuz
- Gure zerbitzuak “errekuperazio” eredurantz bideratzea ebaluatuz
- Bideak urratuz erabakiak besteekin batera hartzeko

Honen ildoan, bereziki interesgarria eta lagungarria izango da azken Cuaderno Técnico-a irakurtzea, AENk argitaratua (Asociación Española de Neuropsiquiatría – Profesionales de Salud Mental) eta FEAFESek koordinaturik (Confederación Española de Agrupaciones de Familiares y Personas con Enfermedad Mental).
PARTISAM gidak parte hartzea eta autonomia sustatzen ditu osasun mentalaren arloan. Asistentzia zerbitzuen erabiltzaileen ahotsa jasotzen du, eta baita horien zaintzaileena ere. Ulertzen baita horiek guztiek esateko asko daukatela, bai norberaren zaintzari buruz, bai osasun mentaleko zerbitzuen hobekuntzari buruz.

Gaur egun gauzatu diren parte hartze ereduak duela gutxi arte ezin ziren ezta antzeman ere. Harreman ereduaren bilakaera ulertzeko hobeto ezagutu behar dira euren oinarri teorikoak eta, batez ere, izandako eskarmentua.

(Interesdunentzat eskuragarri ditugu paperezko ale batzuk).

O.M.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Guía PARTISAM. Promoción de la participación y autonomía en salud mental
BAZEN BEHIN

“Osasun Mental Komunitarioko Zentroei buruzko Politika”z 1986an

Historiaz mintzatzen garenean joera dugu behialako kontuez ari garela pentsatzeko; baina ez dago gaizki orain dela gutxiko kontuei ere hautsa kentzea, abiapuntua begien bistatik ez galtzeko eta ohartzeko zein izan den ibilitako bidea, gauden lekuraino iritsi ahal izateko.

Hala bada, eskertu behar diogu gure lankide Fernando Marquinezi, garaian Bizkaiko ospitalez kanpoko psikiatria zerbitzuetako zuzendaria (OSAKIDETZA- Euskal Osasun Zerbitzua), igorritako testuagatik, berak irakurritakoa Fadurako kiroldegian (Getxo, 1986ko ekainaren 12tik-14ra) “Consorcio URIBE-COSTA de Salud Mental” partzuergoaren sorreraren 4. urteurrenean.

Horra hor iragan hurbilaren isla gisa, nahiz eta aspaldikoa dirudien.

O.M.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Osasun Mental Komunitarioko Zentroei buruzko Politika

“Zaldivarreko Bainuetxeko” joan etorriak (eta VIII)

Zaldivarreko Bainuetxeari buruzko albiste sorta hau itxiko dugu (azken hilabeteotan ondo tematu gara kontu horretan) prentsatik ateratako berri laburren bilduma batekin. Horretan, garaiko ohitura bitxi bat agertzen da: zorioneko pertsona batzuek, uda garaiaren zati bat“dolce far niente”ean ibili ahal zirenek, ez zuten zalantzarik izaten euren gorabeherak “twitteatzeko” prentsako orrialdeen bitartez, “Facebook”eko harresiaren aurrekari baten gisara; eta, gainera, gertakizunak zenbat eta gortesauagoak izan, are gogo handiagoarekin egiten zuten.

Egiteko hori xelebrea zen inondik ere; baina, agian ez zaigu horren harrigarria suertatuko, gaur eguneko joera ikusita, edozein zaletasunen, egitekoren edo gorabeheraren berri emateko; eta sarritan askoz mami gutxiagokoak izanik, bekaitzezko udaldi haiekin alderatuta (jende xumearentzat behintzat).

Baina halako egiteko aristokratikoak ez zuen luze joko; izan ere, uda pare bat beranduago bainuetxeak ateak itxiko baitzituen, 1923an, zoroetxe bihurturik, berriro zabaltzeko; zehatzago esanda, uztailaren 28an. Baina hori beste kontu bat da.

O.M.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. "Twitters" de época desde Zaldibar
ATSEDENALDIA

Ezkerraldea-Meatzaldea-Enkarterriko I. Argazki Lehiaketa

Udaldia sasoi paregabea da argazkiak ateratzeko eta, Ezkerraldea-Meatzaldea-Enkarterri Eskualdeak, I. argazki-lehiaketa antolatu du, zuen trebetasunak gurekin partekatu ditzazuen.

Lehiaketaren ezaugarriak eta baldintzak erantsitako artxiboan dituzue.

Anima zaitezte!

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Lehiaketaren oinarriak

Ikerketa txirenea

Azken asteotan ezagutu dugu Bigarren Mailako futbol talde baten aldekoek aurrera eraman duten borroka, kategoriaz jaistea ekiditeko; administrazioak hala agindu baitzuen, gorabehera finantzarioen ondorioz. Jarraitzaileak haserre daude, mailaz jaitsaraztea iritzi arbitrario batek ekarri duela uste dutelako, baina bestelako arrazoiak ere egon litezke horrenbeste jarraitzaile mugiarazteko.

Ingalaterrako “Premier League” futbol ligaren amaieran, 1997-1998, bi talde mailaz jaitsi ziren, eta bi ikerlarik azterketa egin zuten bi taldeetako zaleen artean. Horretarako erabili zuten “Impact of Event Scale” edo, gertakarien inpaktu eskala. Laginak 65 lagunen (gizonezko 44) erantzunak jasotzen zituen. Horiek eskala bete zuten jaitsieraren hurrengo bi asteetan. Puntuazio orokorrak, alderatzen baziren mehatxu fisikoei edo hondamendi naturalei aurre egin behar izan zizkieten pertsonen emaitzekin, antzekoak ziren. Hortik, ondorioztatu daiteke norberaren futbol taldea mailaz jaistea, gertakizun traumatikoa dela. Erabilitako tresnaren bitartez hartu zen laginak erakusten du lagunen erdiek baino gehiagok intentsitate handia agertzen zutela, ikuspuntu klinikotik; eta, alajaina! %11k ondoez psikologiko larria nozitzen zuela.

Murtziaren jarraitzaileek sortutako zalaparta itzela ulertu behar da, halatan, norberari emandako tratamendua balitz bezala; edo, hobeto esanda, norberari zuzendutako prebentzio gisa.

J.Me.

Erlazionaturiko Loturak

  1. - Banyard P, Shevlin M. Responses of football fans to relegation of their team from the English Premier League: PTS? Ir J Psych Med 2001; 18: 66-67.
  2. - Impact of Event Scale

El carnicero de Hannover, un asesino en serie

Eleberri grafiko honen egileak dira Peer Meter (gidoilaria) eta Isabel Kreitz (irudigilea) alemaniarrak. Horretan deskribatzen dira Fritz Haarmann-en jarduera kriminalaren azken hilabeteak. Protagonista historiara igaro da “harakina“ edo “Hannoverreko banpiroa“ ezizenekin, “50 eta 70“ gizonezko nerabe erail eta horien hondakinak kontsumorako haragi gisa saltzen zituela aitortu eta gero. Azkenik, 24 hilketaren erruduna zela aurkitu eta hilarazia izan zen. Garai hartan Haarmann kasuak zalaparta handi baten zantzuak izan zituen. Izan ere, tokiko poliziaren salatari aritzeaz gain, hark emandako plaka zeraman aldean; eta, gainera, Poliziak berak ez entzuna egin zien aurkezturiko salaketei, nahiz eta Haarmann-en jarduera kriminalaren aztarnak eduki.

Haarmanek egonaldiak egin zituen ospitale psikiatrikoetan, baina ez zen argi geratu zelako gaixotasun psikiatrikok jota zegoen. Epaiketan, bere hiltzeko joerari buruz, esan zuen inposaturik zuela eta bere borondatez kanpoko zerbait zela; baina nahiz eta aitorpena egin, historia psikiatrikoa izan eta gaztetatik adimen-atzeratasuna eduki, ez zuen errukirik lortu eta 1925ean gillotinan hil zen, 45 urte zuela.

Haarman auziak, polizia fokupean jartzeaz gain, iskanbila homofoboa sortu zuen Alemanian; Haarman homosexuala baitzen eta zenbaitetan espetxeratua izan zelako “naturaren aurka” aritzeagatik (hil aurretik biktimez abusatzen zuen). Ari garen eleberri grafiko honek, giro ilunekoa eta xehetasunez beterikoa, nabarmentzen du halaber parte hartu zuen auzitegiko medikuaren oportunismoa.

Haarmann. El carnicero de Hannover, un asesino en serie.
Bartzelona: La Cúpula, 2011
ISBN: 9788478339556

J.Me.

Zoroen eta zoro-zaintzaileen txisteak haurrei eta gazteei zuzendutako prentsan. (VII) Almanaque de locos, 1950, 2. zatia

1946. eta 1963. urteen artean Editorial Valenciana-k, herrialdeko enpresa editorial garrantzitsuenetako batek, urtean behin komiki bat argitaratu zuen, pertsonaia finkorik gabe, “Almanaque de Locos” izen generikoarekin. Umorezko aldizkari txikiak istorio laburrak eta txisteak biltzen zituen; horien bitartez zoroaren eta eromenaren gai bakarrak jorratzen zituen, garaian horien gainean zegoen irudian oinarrituta. Orain argitalpenak aukera ematen digu gogoeta egiteko buruko gaixotasunaren inguruan, herriaren ikuspuntutik eta baloreetatik, bazter utzita balore estetikoa eta umoristikoa, nahiz eta azken horiek ere zuek gozatzea espero dugun.

O.M.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Almanaque de locos. Editorial Valenciana, 1950. pp: 15-28

GUASApeatzen...

Ale honetan parte hartu dute:

Garbiñe Apraiz Urigüen, Ainhoa Bilbao Maiza (A.B.), Itziar Cabieces Ibarrondo; José M. Díaz Zorrozua (J.D.), Izaskun Eraña Aranaga, Leire Erkoreka Anda, Nuria Fernández Gayoso, José Luis Fidalgo Centeno (J.F.), María García-Puente Sánchez (M.G.), Enrique González Arza (E.G.), Mónica López Ortiz (M.L.), Isabel Macías Romero (I.M.), Óscar Martínez Azumendi (O.M.), Josune Martínez Magunacelaya (J.M.), Laura Narro Moreno, Ander Retolaza Balsategi, Ana Rodríguez Iturrizar, Inmaculada Santos de Mingo.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Nola lagundu eta Batzorde editoriala
LOTURAK

> <