Lmentala 69. zk. / nº 69 - 2018ko azaroa / noviembre 2018
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Buletina posta partikularrean jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: lmentala@osakidetza.eus

SAREA GARA

Nicolás Achúcarro doktorearen heriotzaren mendeurrena

BOMSeko eta Zientzia Medikoen Bilboko Akademiak ekitaldi bat antolatu dute azaroaren 9ko goizerako, Achucarro doktorearen heriotzaren mendeurrenaren harira. Achucarro jo izan da lehen euskal neurozientifikotzat, edo behintzat nazioartean oso ezaguna izan den lehenengotzat.

Beste ekitaldi batean, azaroaren 15ean, ospatuko da Zamudioko Ospitalea sortu zen 50. urteurrena. Ospitaleari “Instituto Neuropsiquiátrico Nicolás Achúcarro” izena jarri zioten hasieran.
BOMSeko zenbait profesionalek hartuko dute parte. Ekitaldia doakoa da, eta ez da beharrezkoa izango izena ematea, baina kontuan hartzekoa da leku mugatua dagoela.

Beherago ikusgai daude ekitaldi bien egitarauak.
Animatu nahi zaituztegu bertaratzera interesa duzuenok.

O.M.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Programa del acto del 9 de noviembre
  2. Invitación y programa del acto del día 15 de noviembre

Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalak jaso du BOMSeko aintzatespena

BOMSeko Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalak (IUM) aintzatespena jaso du BOMSeko urteko “Elkarrekin Ikasten” jardunaldian, urriaren 25ean.

Zuzendari gerente Carlos Pereirak nabarmendu zuen unitateak gizarteari egiten dion ekarpena, eta azpimarratu zuen Osakidetzan akreditatu den lehenengo unitatea izan dela. Zoriondu zituen IUMko kideak*, ezagutza garatzeaz eta zabaltzeaz gain, unitatea sortu zen urtean (2013) ezarritako helburuak gauzatzen ari delako, euren inplikazioari, konpromisoari eta parte hartzeari esker.

Pertsonaleko zuzendari Aratxu Lozanok IUMko kideei diplomak eman eta gero, aintzatespena luzatu nahi izan zitzaien errotazioko tutoreei, eta irakaskuntzan aritzen diren laguntzaile guztiei, denen izenak aretoko pantailan proiektatuz.

Bejondeizuela guztioi!

*Aranzazu Iribarren, Eva Garnica, Estibaliz Gordo, Izaskun Eraña, Koldo Ugarte, Begoña Iriarte, Begoña Morales, Oscar Martínez, Sonsoles Enjuto, Yolanda Rodríguez.

M.L.

Abian da berriro ThinkTIC lantaldea

Urriaren 9an ThinkTIC lantaldeak berrio ekin dio lanari, BOMSeko eraldaketa digitala bultzatzen jarraitzeko. Asistentzia arloko profesionalek, eta antolakuntzako eta informatikako teknikariek osatzen duten taldeak helburu du garatzea BOMSeko Eraldaketa Digitalaren Plana, “ThinkTIC” deiturikoa.
BOMSeko “2018-2021 Plan Estrategikoa” zehazteko egin zen IKT (Informazioko eta Komunikazioko Teknologiak) tailerrean, hiru ekimen lehenetsi ziren, eta horiexek izango dira ikasturte honetan taldeak landuko dituenak:

- Aztertzea BOMSeko profesionalen ezagutza IKTn arloan; batetik, prestakuntza egokitzeko profesionalen
beharrei; eta bestetik, baliabiderik egokienak garatu eta ezarri ahal izateko.
- Komunikazioa lantzea (Estrategia eta komunikazio-kanpainak). Xedea da proiektu eta aplikazio berriak zabaltzea (arduradunen laguntzarekin, eta parte-hartzea bultzatuz), IKTak hobeto erabiltzeko.
- IKTn arloko adituek (enbaxadoreak) teknologien erabilera sustatzea, arazoei erantzuna ematea, eta
iradokizunak eta beharrak jasotzea.

Hauek dira boluntario-lana egiten duten lankideak:

- Psikiatrak: Begoña Benavides Espilla, Adela Sanz Cañibano, Rodrigo Oraa Gil
- Erizainak: Jon Baraiazarra Ruiz, Concepción Moreno Calvete
- Farmazialaria: Beatriz Corcostegui Santiago
- Terapeuta okupazionala: Janire Ibarrondo Becerril
- Gizarte langilea: Gorka Rodríguez Navas
- Antolakuntzako teknikariak: Maria Jose Llarena Cuevas, Mónica López Ortiz, Josune Martínez
Magunacelaya, Ainhoa Valenciano González
- Teknikari informatikariak: Marijo García Iratzagorria, Enrique G. Arza, Aritz Martínez de Osaba Franquet

E.G.

D’amour galdetegia: BOMSeko parte-hartzeari buruzko datuak

Urrian zabalik egon den D´amour galdetegiaren helburua izan da lanbide ezberdinen arteko elkarlana areagotzea. Bertan Osakidetzan lan egiten dugunok aukera izan dugu gure iritzia emateko gai hauen inguruan:

1.- PARTEKATZEN DITUGUN HELBURUAK
2.- PAZIENTEARI LAGUNTZA EMATEA
3.- ELKAR EZAGUTZEA
4.- KONFIANTZA
5.- ILDO ESTRATEGIKOAK
6.- LIDERGO PARTEKATUA
7.- BERRIKUNTZA SUSTATZEA
8.- TOPAGUNEAK
9.- PROTOKOLOAK EZARTZEA
10.- INFORMAZIO-SISTEMA

Denera Osakidetzako 3.446 profesionalek erantzun dute. Hauek dira BOMSeko datuak:

• Bete diren galde-sortak: 147 (143 gaztelaniaz, eta 4 euskaraz)
• Ospitaleetako profesionalak: 52
• OMZetako profesionalak: 49
• Beste zentro/programa batzuetako, eta egoitzako profesionalak: 42

Erantsitako artxiboan sailkaturik daude jasotako datuak, maila profesionala kontuan hartuta.
Eskerrik asko zuen denboraren zati bat hartzeagatik galdetegiari erantzuteko. Informazio gehiago emango dugu Lmentalaren hurrengo zenbakian.

M. L.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Parte-hartzeko datuak

Euskara transmititu nahi diogu hurrengo belaunaldiari?

Osakidetzako Zuzendaritzak hitzaldi batzuk prestatu ditu, hizkuntza-lidergoaren inguruan, erakundeko arduradun guztiak inplika daitezen euskararen erabilera bultzatzeko norberaren unitatean; eta Kike Amonarrizek, euskal filologo eta soziolinguistak, enkargua jaso zuen mezua eurei helarazteko irailaren 27ko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Euskara Batzordearen bileran.

Amonarrizen esanetan, belaunaldi batek erabakitzen du euskara transmititu nahi dion hurrengo belaunaldiari, eta orain da unea gure belaunaldiak erabakia har dezan. Osakidetzak erantzukizun handia dauka zeregin horretan, bera dagoelako harremanetan egunerokoan herritar guztiekin. Beraz, euskarak Osakidetza behar du. Baina, Osakidetzak ere euskararen beharra dauka, kalitatezko arreta eskaini nahi badie erabiltzaileei.

Gauzak horrela, Osakidetako liderrek pisuzko arrazoiak dituzte euskara bultzatzeko, Kikek argi eta oso umore onez azaldu zigunez.

Kike, hurrengoan ere, poz-pozik hartuko zaitugu. Plazerra izan da.

(Jon Lizarraga Sobrino psikiatrari zor diogu azaleko karikatura. Eskerrik asko, Jon lan finagatik).

J.D.

Osasun Mentaleko Sarea finalista izan da “Kudeaketa laburrean /Gestión en corto” sariketan

Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen harira, bultzatu da “Kudeaketa laburrean / Gestion en corto” ekimena. Haren bitartez gizarteari azaldu nahi zaio, beste modu batera, zertan datzan kudeaketa aurreratua.

BOMSek “Deiadarra” bideoa aurkeztu zuen sariketara. Bideoaren helburua zen modu berritzaile baten bitartez deitzea profesionalak, eta bestelako interes-taldeak, gogoeta estrategikoa egitera. Eta kontua da finalista geratu zela beste bost lanarekin batera.

Herri-bozketa batek eta epaimahai aditu batek erabaki zuten nor izango zen irabazlea. Sariduna Ulma Handling Systems erakundea izan zen, “Eta zuk zer praktikatzen duzu?” izeneko bideoaren egilea, hain zuzen ere.

Saria urriaren 22ko ekitaldian eman zen, lehiatu ziren bideo guztiak proiektatu ondoren; eta gero tarte txiki bat zabaldu zen finalista guztiek komentatzeko ikasitakoak, eta grabazioetan izandako pasadizo xelebreak.

Eskerrik asko gure hautagaitzaren alde egin duzuen guztioi.

M. L.
EX CATHEDRA

"Elakarrekin ikasten"en V. Jardunaldia

Bosgarren urtez egin da “Elkarrekin ikasten” jardunaldia. Ekimena propio sortu zen, gure erakundeko langileok eguneroko zereginak, egitasmoak eta nahiak parteka ditzagun; eta batez ere, elkar hobeto ezagutzeko.
Aurrekoetan bezala, bi mahai eratu ziren; eta behin bukatuta mahion txostenen aurkezpena, egin zen BOMSeko aintzatespen ekitaldia.

Lehenengo mahiaren moderatzaile Pilar Simónek, Pertsonaleko teknikariak, aurkeztu zituen hiru txosten interesgarri. Lehendabizikoan Gaizka Portillo informatikariak eraman gintuen bere Delorean-en eta, aurrerapen teknologikoen gainean emandako azalpenei esker, bidaiatu genuen “Hementxe dagoen etorkizunera”. Ondoren, Elida Grande eta Isabel Martínez psikiatrak mintzatu ziren genero-indarkeriari buruz, eta azaldu zuten osasun mentaleko profesionalek arlo horretan gara dezaketen rola. Azkenik Ainhoa Valenciano, Josune Martinez Magunacelaya eta Marijo Llarena antolakuntzako teknikariek azaldu ziguten BOMSeko Plan Estrategikoa, mendian girotutako antzezpen ikusgarri baten bitartez. Bertan parte hartu zuten zuzendaritzako kide batzuek.

Atsedenalditik bueltan Begoña Mendibilek gidatu zuen bigarren mahaia, Eva Ibañez psiquiatrak, eta Esperanza Sampedro psikologoak hasi zutena. Azaldu zuten Bermeoko Ospitalean aurrera eramaten ari diren Mindfulnes esperientzia, Buruko Nahasmendu Larria duten pazienteekin. Ondoren Isabel Chamizo eta Sonia Herrera erizainek bertaratutakoekin partekatu zuten lantzen ari diren erizaintzako laguntzaile teknikariei zuzendutako prestakuntzako ibilbidea (TCAE). Bigarren mahaiari amaiera eman zioten Sandra Sánchezek eta Miren Guerrerok, Lehen Gertakari Psikotikoak Programako gizarte langileek. Hitz egin ziguten Bottom Up proiektu bati buruz, paziente psikotikoei gizarteratzen laguntzeko, berariaz diseinatutako baliabide-sare baten bitartez.

Aintzatespen ekitaldia amaiturik, Prestakuntza, Euskara eta Komunikazioko arduradun Garbiñe Apraizek “Euskaraldia” ekimena aurkeztu zuen, eta guztiak animatu gintuen Osakidetzaren “euskaldunon identifikazioa” eramatera eta, horrekin batera, ohitura zaharrak aldatzera.

M. L.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Txostenak

Argazki bilduma

TXOKO-BOMS

"La cortina de rombos"ek bigarren saria lortu du AGIFESeko narrazio laburren lehiaketan

Zamudioko Ospitaleko gure lankide Milagros García-Abad Corpa zoriondu behar dugu, lortu baitu, “La cortina de rombos” (Erronbodun errezela) narrazioari esker, bigarren saria AGIFESek (Osasun Mentaleko Arazoak dituzten Pertsonen eta Senitartekoen Gipuzkoako Elkarteak) 2017an antolatu zuen narrazio laburren lehiaketan.

E.G.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. La cortina de rombos
BAZEN BEHIN

Psikiatriako klasikoak (XLIV): Juan Peset Aleixandreren salaketa eta heriotza

Juan Bautista Peset Aleixandre itzal handiko profesionala izan zen; 23 urte bete berrian bazituen bost karrera eginda. Medikuntzan, Zientzia Kimikoetan eta Zuzenbidean doktore ez ezik, Kimikan eta Mekanikan peritu ere izan zen. Toxikologiako eta Legezko Medikuntzako katedra lortu zuen Sevillan; ondoren Valentziara lekualdatu zen, eta bertako unibertsitatean heldu zen izatera Medikuntza Fakultateko dekano, errektoreorde, eta errektore.

Izquierda Republicana alderdiko hautetsia izanik, hautatu zuten 1936ko Espainiako Gorteetako hauteskundeetan, Frente Popularreko zerrenda irekietan. Bi gerra-kontseilu egin zioten 1940an, behin guda zibila bukatuta; eta bietan heriotza-zigorra ezarri zioten. Exekutatu zuten 1941ean, 54 urte zituela.

Salatari nagusiak medikuak izan ziren; besteak beste, Francisco Marco Merenciano zeritzan psikiatra bat.

Reda Rahmani, Juan Medrano eta Luis Pacheco

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Psikiatriako klasikoak (XLIV): Juan Peset Aleixandreren salaketa eta heriotza
ATSEDENALDIA

GUASApeatzen...

Ale honetan parte hartu dute:

Garbiñe Apraiz Urigüen, José M. Díaz Zorrozua (J.D.), Leire Erkoreka Anda, Enrique González Arza (E.G.), Sonia Herrera Anaya, Jon Lizárraga Sobrino (J.L.), Mónica López Ortiz (M.L.), Óscar Martínez Azumendi (O.M.), Juan Medrano Albéniz (J.Me.), Luis Pacheco Yáñez (L.P.), Reda Rahmani El Ouachekradi.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Nola lagundu eta Batzorde editoriala
LOTURAK

> <