Txoko morea

TXOKO MOREA-tik zenbaki honetan bi liburu gomendatzen dizkizuegu, bata euskaraz, bestea gaztelaniaz gure harremanen gaineko gogoeta egiteko.

MAITASUN KAPITALA, Karmele Jaiorena

 

Bere maitalea izandako Martinen hiletan dago Olga. Bertan gogoratzen du berarekin bizi izandako pasio sutsua, gizonak duela urtebete utzi zuen arte. Oroitzapenetan murgilduta, Martinekiko bere mendekotasun emozionalaz ohartzen da, eta horrek agerian uzten dio, bere burua emakume aske eta ahaldundutzat bazuen ere, maitasunarekin beti izan duen kontraesana.

Aldi berean, tesi bat zuzentzen dabil Olga irakaslea, emakumeei maitasuna euren bizitzako erdigunea izaten erakutsi zaien moduan sakontzen duena, horretarako Artearen eta Literaturaren historiako zenbait lanetan oinarrituz.

Karmele Jaio, idazlea

Pertsonaiek bizitako esperientziak eta bateko nahiz besteko artistek piztutako gogoetak tartekatuz, nobela anbiziotsu bat osatu du Karmele Jaiok, arin irakurtzen dena baina arrasto sakona uzten duena, nor bere buruari begira hausnarketara bultzatuz.

 

AMOR(ES), Isa Duquerena.
Maitasunei buruzko liburua, pluralean, bikote-harremanei buruzkoa, baina baita lagunei, familiari, topaketei, hausturei, mugei, desirari, zaintzari eta norbere buruarekiko harremanari buruzkoa ere.

Hogei urtez kontsulta-loturen eta formazioen istorioak entzun ondoren, egileak errezeta magikorik eta jarraibideen eskulibururik gabeko liburu bat idatzi du, loturak beste leku batetik begiratzea proposatzen diguna.

Isa Duque, Psico Woman bezala ezaguna

Izan ere, erantzun gutxiago behar ditugu harreman perfektua izateko moduari buruz, eta espazio gehiago behar ditugu harremanak nola izan nahi ditugun pentsatzeko.