Osasun mentaleko erizain espezialistaren eguna – Irailak 1

Joan den irailaren 1ean Osasun mentaleko erizaintzaren eguna ospatu zen. Profesionalen kolektibo horrek funtsezko zeregina betetzen du zainketan, laguntzan eta arretaren humanizazioan. Osasun mentaleko erronkak areagotu eta dibertsifikatu diren testuinguru batean, osasun mentaleko erizaintza funtsezko zutabe gisa finkatu da, aldaketa-eragile gisa jardunez eta eragindako pertsonen eta haien familien duintasuna, autonomia eta ongizate integrala sustatuz

Osasun mentaleko erizaintzak eraldaketa sakona izan du azken hamarkadetan, kontrolean eta zaintzan oinarritutako eredu asistentzial batetik ikuspegi integral, parte-hartzaile eta pertsona ardatz duen eredu batera igaro baita. Aldaketa horrek aurrerapen zientifiko eta teknikoei ez ezik, gizartearen eskaera gero eta handiagoari ere erantzuten dio: nahasmendu mentalak dituzten pertsonen eskubideak errespetatzen dituen arreta humanizatuagoa.

Osakidetzako BOMSen, osasun mentaleko erizainek arreta espezializatua ematen diete Bizkaiko lurraldeko helduei eta haur eta gazteei eremu komunitarioan (osasun mentaleko zentroetan, eguneko ospitaletan, etxean eta ingurune komunitarioan) eta ospitale-eremuan. Azpimarratzekoa da hezkuntza- eta lan-ingurunean egiten dena.

Pazientearen, familiaren eta osasun-sistemaren arteko zubi gisa jarduten dute, asistentziaren jarraitutasuna eta baliabide komunitarioen integrazioa sustatuz.

Funtzioak zabalak dira, dimentsio anitzekoak eta ebidentzia zientifikoak eta zainketaren etikak babestuak, eta horrek guztiak osasun mentaleko zerbitzuak espazio bidezkoago, inklusiboago eta eraginkorrago bihurtzen laguntzen du.

  • Osasun mentaleko erizaintza: zaintzea, laguntzea eta humanizatzea.

Pazientearen egoera mentalaren, emozionalaren eta sozialaren ebaluazio integrala egiten dute; zainketa-plan pertsonalizatuak garatzen eta ezartzen dituzte; pazienteei eta familiei heziketa eta laguntza ematen diete gaixotasunari, tratamenduei eta aurre egiteko estrategiei buruz; krisietan esku hartzeak egiten dituzte eta arrisku-egoerak maneiatzen dituzte, besteak beste, suizidioa prebenitzeko, autonomia eta errekuperazioa sustatzeko, gizarteratzea eta komunitate-integrazioa erraztuz, giza eskubideak defendatuz eta estigmaren aurka borrokatuz.

Osasun Mentaleko erizain espezialistak gaitasun aurreratuak ditu, eta, horien artean, pertsona ardatz duen arreta, laguntza terapeutikoa eta arreta humanizatua nabarmentzen dira:

  • Pertsona ardatz duen arretak (ACP) zainketa-prozesuaren erdigunean jartzen du pertsona, eta haren historia, balioak, lehentasunak eta bizi-helburuak kontuan izaten ditu. Ikuspegi horrek antolaketa-kulturaren eta jardun profesionalaren eraldaketa sakona eskatzen du, eredu asistentzial estandarizatutik arreta pertsonalizatu eta esanguratsura pasatuz.
  • Laguntza terapeutikoaren helburua da pertsonei laguntzea osasun mentaleko prozesuetan, haien autozainketa, autonomia eta gizarteratzea sustatuz. Malgutasuna, moldagarritasuna eta hurbiltasuna ditu ezaugarri, eta bizitza-testuinguru errealetan garatzen da (etxean, komunitatean, ikastetxeetan edo lan-esparruan). Horrez gain, erraztaile gisa eta gida eta laguntza emozional gisa jarduten du, eta pertsonari bere emozioak, harremanak eta eguneroko erantzukizunak kudeatzen laguntzen dio, gizarteratzea eta tratamenduekiko atxikimendua bultzatuz.
  • Arreta humanizatuak berekin dakar pertsonak duintasunez eta errespetuz tratatzea, haien berezitasuna aitortuz eta zainketa-prozesuan parte-hartze aktiboa sustatuz. Gai horri heltzeko, Osakidetzak badu eredu espezifiko bat, bai eta Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategia 2023-2028 ere. Horiek humanizazioa zeharkako ardatz gisa integratzen dute, eta ebaluaziorako eta etengabeko hobekuntzarako mekanismoak ezartzen dituzte. Osakidetzak esparru horretan aurreikusten dituen sei arlo estrategikoak jorratzen dira BOMSen: lidergoa eta kultura, pertsona ardatz duen arreta, parte-hartzea, ingurune atsegina, ongizate profesionala eta asistentziaren jarraitutasuna.

Arreta hori printzipio hauetan oinarritzen da: duintasuna eta errespetua (pertsona eskubideen subjektu gisa eta bere errekuperazio-prozesuaren protagonista gisa), enpatia eta entzute aktiboa (esperientziak eta emozioak ulertu eta baliozkotu), parte-hartzea eta autonomia (erabakiak modu informatuan eta partekatuan hartzea sustatu), arreta integrala eta holistikoa (dimentsio biologiko, psikologiko, sozial eta espiritualari heldu), estigmaren eta diskriminazioaren aurkako borroka (inklusioa eta ekitatea sustatu).

Funtsezkoa da erizainen konpromisoa, sormena eta grina aitortzea eta ospatzea, egunero gehien behar dutenei zaintzen, laguntzen eta bizitza humanoagoa egiten baitiete.

Egun horretan aintzatesten da pertsonei errekuperazio-prozesuan laguntzen dieten profesionalen funtsezko lana, osasun-sistemarekin lehen harremana duenetik komunitatean erabat integratu arte.

Zirkuitu asistentzialaren dispositibo bakoitzak zainketa mota desberdina eskaintzen du, baina guztiek helburu bera dute: errekuperazioa bultzatzea eta sufrimendu psikikoarekin bizi direnen esperientzia duintzea.

  • Eremu komunitarioa

OMeko erizain komunitarioak zainketen jarraitutasuna, gizartean parte-hartzea eta gaixoberritzeen prebentzioa errazten ditu, eta osasun-sistemaren eta komunitatearen arteko zubi gisa jarduten du.

  • Ospitale eremua

    Erizaintzak zainketa intentsiboak, euspen emozionala, monitorizazio klinikoa eta familientzako laguntza eskaintzen ditu, ingurune segurua eta terapeutikoa bermatuz

Jarraian, erizaintzako langileek erabiltzaileen gogobetetze-inkestetan jasotako emaitzak erakusten dizkizuegu. Inkesta horietan erakusten da osasun mentaleko erizaintza lanbide bat baino askoz gehiago dela: presentzia, entzutea, laguntza eta itxaropena.

Gustatuko litzaizuke...