Lmentala 87. zk. / nº 87 - 2020ko ekaina / Junio 2020
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Buletina posta partikularrean jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: lmentala@osakidetza.eus

SAREA GARA

Zaldibarko Ospitaleko COVID Unitatea: kidetasuna, armarik onena beldurraren aurka

Erizaintzako laguntzaile eman ditudan 25 urteetan, esan behar dut inoiz ez dudala horrenbesteko beldurrik ikusi.
Lan egiteko beldurra, zureak kutsatzeko beldurra... baina denetan txarrena, zoritxarrez, izan da pazientearen mundua logela batera mugatu dela ikustea. Ezezagunen eskuetan egon dira, bakarrik, familiarik gabe eta galduta. Bakar-bakarrik hiltzeko beldur izan dira, nahiz eta zaharrak izanik heriotzari berari ez dioten beldurrik izan, dena eginda utzi baitute bizitzan. Baina joaterakoan, behar-beharrezkoa da zure hurbilekoak inguruan edukitzea.

Irribarre egin zezaten saiatu gara, bi maskararen atzetik musuak bidaliz eta norbera babesteko ekipoa jantzita dantzatuz; baina hori guztia ez da nahikoa izan, zeren bere hurbilekoen maitasuna ospitaleko atarian geratu baita, eta horiek berriro ez ikusteko beldurra lazgarria delako.
Norberak babesteko ekipoa janzteko egin behar izan dugun ahalegina ahaztu zaigu pazienteak alaitzen saiatzearekin batera, edo beste batek txaloak egin zitzan saiatuz.

Inoiz ez dugu ahaztuko zein zaila izan den guztia, baina ez naiz gutaz profesionaloz ari, baizik eta bilobak gogoratzen ari zirelarik begiak bildu dituzten aitite-amamez, jakinda berriro ez zituztela zabalduko.
Birusaren kontra ez, borrokatu gara beldurraren, izuaren eta itxaropen faltaren aurka… eta armarik onenak izan ditugu: batasuna, adiskidetasuna eta kidetasuna. Talde-lana egin dugu, elkar zainduz. Ezagutzen ez duzun pertsona batek janzten lagundu dizu, aurpegia ere ezin izan diozu ikusi, eta arin gertatu da, baina inoiz ez duzu ahaztuko.

Benetako profesionalekin egin dut lan. Horietako batzuek ez zuten eskarmenturik, baina bai egundoko prestasuna gauzak ondo egiteko. Baturik egin dute lan, eta helburu bakarra izan dute: gure zaharrak zaintzea, horiek dira-eta guretzat altxorrik preziatuena.

Eva Herrero López

Erlazionaturiko Loturak

  1. Bideoa ikusi intraneten

Bejondeizuela espezialista berrioi!

Zorionak BOMSeko Irakaskuntzako Unitate Profesionalean prestakuntza jaso duzuen espezialista-belaunaldi berriari:

Aylena Gómez Molina (Osasun mentaleko erizaina)
Amaya Gutiérrez Aguirre ((Osasun mentaleko erizaina)
Joana Ortiz de Urbina Ruiz (Osasun mentaleko erizaina)
Emma Pérez Arbide (Psikologo klinikoa)
Teresa Ruiz de Azua Aspizua (Psikiatra)
Oihan Uriarte Larizgoitia (Psikiatra)
Cristina Varillas Taetz (Osasun mentaleko erizaina)

Sasoi honetan urtero esaten dugun legez, badirudi atzo bertan hasi zirela egoiliarrak, eta dagoeneko irteera-marran daude, BOMSeko gainerako lankideekin egunerokoan lan egiteko prest.

Aurten, larrialdi-egoera dela eta, ez dugu aukerarik izan ohiko agur-afaria egiteko, hala ere, ekitaldi bat antolatu dugu ospitalean bertan, xumeagoa, hori bai, baina berdin amultsua eta sentitua.

Irudi batzuk erantsi ditugu, BAME eta BAPE ohiei buruzkoak. Barne-erizain egoiliarrek egun batzuk lehenago bukatu zuten.

Onena opa dizuegu zuen itsasaldi berrian!


Óscar Martínez Azumendi

Argazki bilduma

Ikasketa-burutzako erreleboa

Zamudioko BAME eta BAPE promozio berriari agur esatearekin batera, BOMSeko Irakaskuntza Unitate Multiprofesionaleko ikasketaburuaren agurra iragarri genuen. Kargu hori 2011tik betetzen ari naiz, eta orain erretiro aurreratua hartuko dut.

Atzera begiratuz gero, konturatzen naiz urte luze hauetan egoiliar askok eta askok jaso dutela prestakuntza (BEE, BAME eta BAPE); batzuk beteranoak dira jadanik, beste batzuk, promesa gazteak. Denbora honetan guztian, gure unitatea irakaskuntza-sistema berrietara egokitzen joan da, gaitasunetan eta ebaluazio-ereduetan oinarrituta, eta beti kalitaterik eta bikaintasunik onenen bila, ez bakarrik gure egoiliarrentzat, baita gainerako psikiatriako zerbitzuentzat ere, kontuan hartuta eurei begira ematen dugula prestakuntza.

Lanketa horretan, ordezkaezina izan da espezialitateko tutoreen zeregina (gaur egungoak eta aurretikoak), gogotsu murgildu baitira, prestakuntza-helburuetan ez ezik, egoiliarren laguntza emozional eta pertsonalean ere. Era berean, ez ditugu ahaztu behar txandakako gainerako tutoreak eta txandakatze guztietan egoiliarrez arduratu diren beste irakasle laguntzaile batzuk.

Gaur egungo osasun-alarmak eragotzi digu tutoreentzat programatutako azken topaketa egitea, nahiz eta berrikuntza hori finkatuta zegoen unitatearen egutegian; baina egoerak ahalbidetzen duen bezain laster berriro ekingo diogu, balioetsi nahi ditugulako prestakuntza-zereginetan inplikatutako guztien papera eta aintzatespena, ikusita gehienetan ez direla behar bezala aintzatesten.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu egoiliar guztiei, bai prestakuntza espezializatua osatzeko BOMSeko Irakaskuntzako Unitatea aukeratzeagatik, bai urteetan zehar helburu horrekin egindako inkestetan islatutako gogobetetze-maila handiagatik, azken finean, gure asebetze ere bihurtzen delako.

Orain arte psikiatriako espezialitateko tutore Eva Garnicak hartuko du bere gain, bitarteko lanpostu gisa, ikasketa-buruzagitza, eta laster egingo da plazaren deialdi formala, indarrean dagoen araudiarekin bat etorrita. Bien bitartean, ziur nago errelebo egokia dela, dauzkan esperientziagatik, gogo handiagatik eta dedikazioagatik.

Animo proiektuarekin; ez adiorik!

Óscar Martínez Azumendi

Erlazionaturiko Loturak

  1. Para ampliar información acerca de la UDM-RSM, sus programas y punto de vista de los residentes

Maiatzak 12, Erizaintzaren Nazioarteko Eguna. Bizitzari eusten

1974tik aurrera maiatzaren 12an Erizaintzaren Nazioarteko eguna ospatzen da, Florence Nightingale-ren jaiotzaren urteurrena dela eta. Erizaintza modernoaren sortzailetzat jotzen da. Krimeako gerratean ospitaleetan baldintza sanitarioen erreforman egindako lanagatik, higiene neurrien defendatzaile eta prebentzio neurrien alde egiteagatik gogoratzen da. Infekzioak ekiditeko eskuak garbitzeak zuen garrantzia azpimarratu zuen.

Garai hartan matematiketan zituen ezagutzak ere erabili zituen, datuak bildu eta erregistroen kontrolak sistematizatzeko, Polar Area Diagrama sortuz; bertan hilkortasun zifrak grafikoki irudikatzen zituen. Horrek, ospitale militarren erreforma sustatzeko balio izan zion, izan ere, osasun baldintzak hobetuz heriotzak behera egiten zuten.

Aurten 200. urteurrenarekin bat eginez, OMEk 2020. urtea, "Erizaintzaren eta emaginen urtea" izendatu du. Nursing Now izeneko kanpaina orokor bat egiten ari da, erizaintza gizarte-mailan ikusarazteko, bere eginkizuna herritarren aurrean indartzeko, baita gobernuetan eragina izan dezaketen erabakiak hartzerakoan lidergoa eta parte hartzea sendotzeko ere. Aldarrikatzen du politikariek eta zuzendariek euren herrialdeetan arreta maila hobetzea, eta erizaintzan inbertitzea.

Erabateko ezustekoa izan da mundu mailan bizitzen ari garen osasun krisia, mundu osoko osasun arloko profesionalak COVID-19 pandemiari aurre egiten ari dira. Gure aitzindarien ekarpenak baliozkoak dira oraindik ere, nahiz eta gaur egungo zainketak erronka ezberdinak planteatzen dizkigun; medikamentu, teknika eta teknologia berrien aurkikuntzak erantzukizun berriak eta arretan aldaketak ekarri dizkigu. Gure lanbidearen historiarekin jabetzen bagara belaunaldi bakoitzean egindako aurrerapenekin konektatu dezakegu.

Ez dago zalantzarik, momentu honetan, erizaintza lanbidea guztion ahotan dagoela. Egindako ekarpenak funtsezkoak izan dira egoera pandemiko honetan, baina ez bakarrik zainketari eta bizitza eusteari dagokionez, baita gizartea kohesionatzeko, informatzeko eta bizi kalitate hobea lortzeko ere.

Erizaintzaren Nazioarteko eguna dela eta, buruko osasun arloko erizain espezialista baten idazki pertsonal bat jaso dut, eta zuekin partekatzeko idatzi ditut lerro hauek. Lanbide zoragarri honi buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu eta gure bizitzako momentu jakin batean hartutako erabakia eguneratzen digu. Artea eta zientzia eskutik dituen lanbide honek.

Zorionak lankide guztioi!

Amaia Arzubia Aroma

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Día internacional de la enfermería (por Ingrid Akindejoye Mohand)
TXOKO-BOMS

Marian Zubia, gure bihotzean

Joan den maiatzean hil zaigu María Ángeles Zubia Gabiola lankidea, Marian, Ortuellako Eguneko Ospitaleko psikologo klinikoa.

Zorionekoak gu berarekin lan egiteko aukera izan dugulako. Beti gogoratuko ditugu bere alaitasuna eta pazienteekin izan duen tratu ona. Saiatuko gara ikasten ikusi diogun trebetasuna giro ona sortzeko eta oztopoak gainditzeko, zailatasunak izan ditugunean…

Zure falta biziki sentituko dugu ….

Besarkada bat, potxola!

Jon Lizarraga

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. “Querida Marian…”, por Juan Medrano
PERISKOPIOA

Gaixotasun mentala eldarniozko mundu batean. EL Paisek mintzatzeko aukera eman die BOMSeko paziente eta profesionalei

Periskopioaren begiak El Pais egunkari begiratu eta topo egin du BOMSeko profesionalen izenez beteriko artikulu batekin: Jose Uriarte, Rubén de Pedro, Fernando González, Rodrigo Oraá, Concha Peralta, Begoña Morales…

Albistean kontatzen digute nola bizi izan duten Covid-19aren pandemia gaixotasun mentala duten pertsonek; eta, besteak beste, Carños Mañasen mintzoa jaso dute: “Neuk bai bizi izan dudala urruntze soziala ene bizitza guztian”.

Mónica López

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Artikulua (pdf)

Erlazionaturiko Loturak

  1. Artikulua irakurtzeko esteka
LEHENENGO PERTSONAN

Kirola eta konfinamendua

Itxialdi garai honetan ez da gelditu Athletic Fundazioarekin dugun elkarlana. Kirolari profesionalek egiten duten bezala, Osasun Mentaleko Ligako gure jokalariek bat egin dute tele-entrenamenduarekin, etxetik sasoi onari eusteko.

Batetik, astero jaso dituzte euren idoloek prestatutako ariketak (testuetan eta bideoetan), eta bestetik, telefono bidez, deiak eta bideodeiak egin dizkiete, azalpen teknikoekin batera, talde-sentimendua lantzeko eta animoak emateko datozen partidei begira.

Gure jokalariek botatako esaldi batzuk bildu ditut hemen. Horietan antzeman daitezke izan dituzten sentipenak euren kirolari kutunekin eduki dituzten solasaldien harira:

“Luxua izan da, benetan, aintzat hartu eta aprobetxatu behar duguna”.
“Oso atseginak dira”.
“Poza eta emozioa Athletic-ekin. Benetako txapeldunak”.
“Deia jaso nuenean txantxetakoa zela pentsatu nuen. Ezin nuen sinetsi” .
“Oso jatorrak dira, espero baino gehiago. Poza eman zidan”.
“Arduratu dira gu sasoian egoteaz”.
“Ariketa batzuk zailak dira, oraindik ez ditut egin, baina oso gustura ikusten dut bideoan nola egiten dituzten”.
“Ni bakarrik nago, eta eskertzen dut eurek gurekin jokalariokin gogoratzea.”.

Aurori Oña García

Erlazionaturiko Loturak

  1. Mensaje (video) de Dani García a todos los deportistas de la Liga Intercentros.

Konfimanemendua: III.a

Bihotzetik sortutako “lan” txiki honekin, gauza guztien gainetik, “beroa” eman nahi diet Txurdinagako Eguneko Ospitaleko lantaldeko kidei, zeinak konfinamenduaren lehen egunetatik bertatik lanean bete-betean murgildu diren.

Egoera izugarri honetan tratu hurbila eman digute, eta eguneroan lagundu. Baina uneoro lehen lerroan egoteak eta emakumeak izateak bihotza ukitu didate. Horregatik egin nahi izan dut "Herri" poema, azkenean Txurdinagako Eguneko Ospitaleko emakume zaindarientzako omenaldia dena. Hil honetan goza dezakezue hirugarren partearekin.

Beharrak eskatu duen lekuan egoteagatik, eta beti bihotz-bihotzez lan egiteagatik.

Fernando Bahillo Calle

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. De la A a la Z. Batasun. De Fernando Bahillo Calle.

Argazki bilduma

Emozioak

Eguneko Ospitalekoek zuekin partekatu nahi dugu Carmen Okamikak konfinamendu garaian egindako gogoeta emozioei buruz.

Janire Ibarrondo Becerril
Terapeuta okupazionala.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Emociones, por Carmen Okamika

Soniaren olerkiak

Beste behin ere Basauriko Soniak gurekin partekatu nahi du bere poesia xaloa, onbera eta baikorra.
Orain etenda dago berak parte hartzen duen taldea, zeinetan gustuko duen noizbehinka bere lanak irakurtzea. Medikazio kontu batzuk zirela eta, OMZra egin behar zuen bisita aprobetxatu zuen plastiko gardenezko karpetatxo batean ekartzeko, paper ordenatuetan, berak ondutako lan batzuk, buletinean argitaratzeko, norbaiti gozagarri egingo zaizkiolakoan.

Pandemia garai gogor honetan, seguru asko, hitz horien beharra dugu, goxoak direlako, itxaropentsuak; batetik, baltsamoa, bizi izan ditugun egun izugarriak kontuan hartuta; bestetik, mindutakoak, izandako esperientzia txarragatik:

“Bajo la sensación de ahogo
necesito un respiro
Ahora que el día
ya está dormido
yo me levanto de la cama:
doy un respingo, me estiro
y me enderezco
ha sido todo un mal sueño
que ahoga con empeño
el dulce trascurrir de mi vida,
sí, a veces, triste y dolorida pero
es, al fin y al cabo, mi vida.
[………….]”

Óscar Martínez Azumendi

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. 18 poemas de Sonia
BAZEN BEHIN

Psikiatriako klasikoak (LXII): Burrhus Frederic Skinner

Hil honetako fitxako pertsonaia XX. mendeko burutsuenetakoa eta argienetakoa da: Burrhus Frederic Skinner, “baldintzapen eragilearen” aita, XX. mendeko konduktismoaren figurarik nabarmenetakoa, Pavlovekin eta Watsonekin batera. Azken horrek bezala, lan oso oparoa egin zuen, eta Psikologiaren eremutik haragoko gaiak ere jorratu zituen: Soziologia, Filosofia, Zientziaren Historia eta, batez ere, Hezkuntza.

Skinnerren mundua oso darwindarra da, gizatiarra hala ere, baina inondik inora ere ez inozoa, introspezkioa ez hartzeagatik abiapuntu eta helmuga gisa behaketa kliniko guztietan.

Sendiko gurasoa, unibertsitate-gizona, istorio handirik eta gatazka zalapartatsurik gabekoa, jakinzalea eta trebea oso haurtzarotik, Skinner Psikologia Esperimentalean heldu zen dirdira izatera, berak asmatutako hainbat tresnari esker, ospea eman ziotenak. Tresnok animalien jokabidea aztertzeko erabili zituen, eta inolako azalpenik eman gabe, giza jokamoldearekin alderatzeko.

Reda Rahmani eta Luis Pacheco

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Clásicos de la Psiquiatría (LXII): Burrhus Frederic Skinner
ATSEDENALDIA

GUASApeatzen...

Ale honetan parte hartu dute:

Garbiñe Apraiz Urigüen, Amaia Arzubia Aroma, Fernando Bahillo Calle, José M. Díaz Zorrozua (J.D.), Leire Erkoreka Anda, Enrique González Arza (E.G.), Sonia Herrera Anaya, Eva Herrero López, Janire Ibarrondo Becerril, Jon Lizárraga Sobrino (J.L.), Mónica López Ortiz (M.L.), Óscar Martínez Azumendi (O.M.), Juan Medrano Albéniz (J.Me.), Carmen Okamika Garabilla, Aurora Oña García, Luis Pacheco Yáñez (L.P.), Reda Rahmani El Ouachekradi, Sonia.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Nola lagundu eta Batzorde editoriala
LOTURAK

> <