Lmentala: 102. zk.- 2023ko ekaina / Nº 102. - Junio 2023
Aurrerantzean Lmentala erderaz jaso nahi baduzu, hemen sakatu
Buletina posta partikularrean jaso nahi baduzu, idatzi helbide honetara: lmentala@osakidetza.eus

SAREA GARA

Eboluzioari eta neurozientziei buruzko jardunaldiak

Joan den maiatzaren 11n eta 12an egin dira Eboluzioari eta Neurozientziei buruzko V. Jardunaldi Nazionalak, BOMSeko Pablo Malo eta Eva Garnica psikiatrek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuak. Formatu mistoa izan dute: aurrez aurrekoa (EHUko Bilboko Bizkaia Aretoan), eta streaming bidezkoa (EITBren laguntzarekin). 340 lagun bertaratu ziren ostegunean, eta 476 ostiralean.

Askotariko gaiak jorratu ziren, hala nola parasitoek animalien eta gizakien portaeran duten eragina, amen agresibitateari buruz eta erritmo zirkadianoek ama-fetu bikotean daukaten eraginari buruz egindako ikerketak, heriotzaren kultura Atapuercan, gaixotzen gaituzten bizimoduak, adikzioak ikuspegi eboluzionistatik, edo orekari eusteko daukagun gaitasuna, aintzat hartuta aldi berean dugula besteokin elkarlanean aritzeko joera eta geure burua nabarmentzeko beharra.

Jardunaldiok arrakasta handia daukatenez, hasiak gara pentsatzen hurrengoak 2024ko apirilean egingo ditugula. Egunak eta hizlariak baieztatuta ditugunean, jakinaraziko dizkizuegu; bien bitartean, aurtengo hitzaldiekin gozatu dezakezue beheko estekaren bitartez.

Eva Garnica

Erlazionaturiko Loturak

  1. EITB. Telebista

Argazki bilduma

Egoiliar berriak heldu dira BOMSeko Irakaskuntza Unitatera

Maiatzaren 23an batu dira egoiliar berriak BOMSeko Irakaskuntza Unitate Multiprofesionalera: lau BAEE (Mireya del RIo, Erika McDonnell, Elizabeth DIaz eta Irene MartInez), bi BAPE (MarIa Migueliz eta Oihane Ussia) eta hiru BAME (Claudia MartInez, Luis De Alfonso eta Xabier Fernandez).

Aurreko urteetan bezala, gure BAPE berriek lau urteko ibilbidea dute aurretik, eta BAEE-k bi; baina ikasturte honetatik aurrera, BAMEek bost urteko egoitzaldia izango dute, eta horietan aukera izango dute errotazioa egiteko hainbat zentrotatik (baita gurekin lan egiten duten ospitale orokorretatik ere).

Hurrengoan ikusiko ditugu argazkiak. Ongi etorri!

Eva Garnica

Hiru domina BOMSeko kirolarentzat

Osakidetzak, Athletic Fundazioarekin lankidetzan, futbol-saio eta multikirolaren bitartez bultzatzen du BOMSeko pazienteen gizarteratzea, eta laguntzen die euren behar psikosozialen zati bat asebetetzen.

Ekimenak hiru sari jaso ditu dagoeneko beste horrenbeste topaketatan:
- Erizaintza Garapenean Sariak 2022.
- Mondragon Unibertsitatearen eta EUSKALITen sariketa.
- Humans Fundazioa. Humanizazio proiekturik onenak eta Humans Sariak. Humanismo partehartzailea.

Intranetean ikusgai dagoen bideo bat prestatu zuen BOMSek, proiektuaren protagonistak ezagutzera eman eta hari zabalkundea emateko. Gaur egun, bertan parte hartzen dute gure Sareko 22 zentrotako hainbat erabiltzailek, eta egindako inkesten arabera, gogobetetze handia agertu dute taldeko kirol-jarduerarekin. Horregatik nabarmendu behar dira taldeko lanketa bikain hau aurrera eramaten duten partaideak: Jose Ignacio Landaluce (arduradun gisa); Aurora Oña, Nuria Fernández Gayoso, Begoña Díaz, Ainara Berasaluce eta Laura Rodríguez (liderra eta koliderrak), eta dispositiboetako erreferenteak.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Erizaintza garapenean Sariak 2022
  2. Erizaintza garapenean Sariak 2022. Aurora Oñaren hitzaldia
  3. Mondragon Unibertsitatearen eta EUSKALITen sariketa. Kudeaketa laburrean.
  4. Euskalit
  5. Humans Fundazioa

Argazki bilduma

World gantxito Bermeoko Ospitalean, Bizitegirekin

Joan den ostegunean, apirilaren 20an, bisita egin zigun Bizitegiko erabiltzaile talde batek (horietako batzuk berton egon ziren ospitaleratuta 1990eko hamarkadan), sentsibilizazio-jardunaldi bat egiteko, beren WORLD GANCHITOS programaren harira. Jarduera hori hainbat urtez daramate egiten ikastetxe eta heziketa-zentroetan, osasun mentalarekin eta estigmarekin zerikusia duten gaiak jorratze aldera. Eta oraingo honetan, erabiltzaileen ekimenez, erabaki dute BOMSeko zentroetara ekartzea.

Bai haiek, bai ospitaleratutako pazienteek, gozatu zuten ospitaleko eta ospitaletik kanpoko esperientziak partekatzen, eta dena esan behar denez, baita hamaiketako/zizka-mizka/mokadu bat giro onean eta lasaian hartzen ere.

Ongi etorriak izaten dira beti ospitaleko eguneroko kontuekin hausten duten proposamenak.

Begoña Benavides

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Bizitegik kontatutako esperientzia

Protokoloa, BOMSeko ospitaleetan toxikoak kontsumitu eta edukitzeari buruzkoa

Agirigunen argitaratu da BOMSeko ospitaleetan toxikoak kontsumitu eta edukitzeari buruzko protokolo berria; zuzenduta dago hiru ospitale psikiatrikoetako asistentzia arloko langileei zein profesional ez-asistentzialei.

Haren bidez, arautu eta bateratu nahi izan da Sareko hiru ospitaleetako langileen jarduteko modua; gerta baitakieke haiek aurkitzea, atzematea edo euren eskuetara heltzea ustezko estupefaziente bat edo legez kontrako edozein substantzia-kopuru.

Protokoloan, jarraibideak ematen zaizkie, jakin dezaten, batetik, nola jokatu behar duten susmoa badute paziente batek kontsumitzen duela, eta bestetik, zer egin behar duten atzemandako substantziarekin, uste badute estupefazientea edo legez kanpokoa dela.

Begoña Gomez

Erlazionaturiko Loturak

  1. Ospitaleetako toxikoei buruzko protokoloa. Agirigune

Lekualdatze-lehiaketa eta EPEko azterketak

Maiatzaren 16an argitaratu ziren lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko bigarren zikloari (martxoa) dagozkion destinoak. Erantsitako artxiboan duzue eskaintzen diren destino guztien zerrenda.

Bestalde, dagoeneko badakigu zein diren 2020, 21, 22 eta egonkortze EPEko azterketen datak, orduak eta tokiak. Estekaren bidez, Osakidetzako intraneteko dagokion atalera irits zaitezkete.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Lekualdatze-lehiaketa: destinoen zerrenda

Erlazionaturiko Loturak

  1. 2020, 21, 22 eta egonkortze EPEko azterketak

BOMSeko logotipo berria

Identitate Grafiko Korporatiboaren eskuliburu berria argitaratu da martxoan. Bertan jasotakoa aplikatze aldera zentroetako Word txantiloietan BOMSeko logotipoa aldatu dugu.

Gogoratu nahi dizuegu txantiloi horiek ez direla Intraneten bete behar, ekipora deskargatu behar direla. Beheko loturaren bitartez hel daiteke txantiloietara.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Intranet: BOMSeko zentroetako txantiloiak

Zibersegurtasuna, gu guztion kontua

Duela egun batzuk, Osakidetzak “phising” eraso bat jasan zuen. Lmentalaren aurreko zenbakian aipatu genuen zertan datzan erasoa: norbaitek ordezten du pertsona ezagun baten edo erakunde baten nortasuna (adibidez, gure bankuarena, Osakidetzarena, eta abar.), gure informazioa eskuratzeko asmoz (esaterako, gure bankuko pasahitza, kontuan dugun dirua lapurtzeko helburuarekin).

Zorionez, zaintza-sistemek oso azkar detektatu zuten eraso hau, eta eutsi ahal izan zioten. Hala ere, Osakidetzako 1.000 profesional inguru (BOMSeko batzuk barne) amarruan erori ziren, eta ikaratzeaz gain, pasahitza aldatu behar izan zuten.

Aintzat hartuta zailagoa dela ziria sartzea ongi informatuta dagoen pertsona bati, Lmentalaren zenbaki honetan infografia bat txertatu dugu, modu errazean azaltzeko zer ZIBERINTZIDENZIAREN pean gauden, bai gure lan-eremuan, bai ingurune pribatuan.

Begiratu ondo, eta zain ezazue zuen/gure segurtasuna.

E.G.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Zibersergurtasuna. Jaikarazi CAUri

Osakidetzak abian jarri du intranet korporatibo berria

Maiatzaren 16an abian jarri da Osakidetzaren intranet-formatu berria. Explorer nabigatzailean sartzean, zuzenean eramango gaitu Edge-era, hemendik aurrera bakarrik erabili ahal izango ditugulako Edge, Chrome eta Firefox nabigatzaileak.

Bestalde, lehen aldiz intraneta irekitzeko, gure erabiltzaile-izena eta pasahitza sartu beharko ditugu; eta norberaren zerbitzu-erakundeko intranetera heltzeko, ezinbestekoa izango da hura konfiguratzea (pantailaren eskuinaldean dago zabalgarria): erakundea aukeratuko dugu, eta berriro sartuko ditugu erabiltzaile-izena eta pasahitza. Litekeena da gure helbide elektronikoa eskatzea intraneteko edukiak bistaratzeko.

Orain arte bezala, nabigazio-hizkuntza alda dezakegu intraneteko edukiak ikusteko (euskara/gaztelania), baina aldaketa bat egon da: menu orokorra beti edukiko dugu guk ordenagailua konfiguratu dugun hizkuntzan; edukia, aldiz, aldatuko da hizkuntza-hautuarekin batera.

Egutegi bat dago aurreikusita, zerbitzu-erakunde guztien intraneta aldatzeko eredu berrira. BOMSen, espero izatekoa da aurtengo irailean hastea migrazio-prozesua.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Intranet berriari buruzko informazio gehiago

BOMSeko intranetean zehar bidaiatzen (XI)

BOMSeko profesionalok intraneta dugu informazio-kanal nagusietako bat. Bertan eskura ditzakegu guretzat oso baliagarriak izan daitezkeen albisteak, deialdiak, legezko informazioa, oharrak, bideoak eta beste. Hala ere, intranetak informazio ugaria duenez, batzuetan zail gerta dakiguke bilatzen duguna aurkitzea.

Ekaineko zenbaki honetan, mintzagai izango dugu “Agirigune” aplikazioa, Sareko langileontzat oso erabilgarria baita ezagutza-arlo hori.

Leire Erkoreka

Erlazionaturiko Loturak

  1. Bideoko esteka. (Ezin baduzu bideoa ikusi, egin klik lerro honen gainean saguaren eskuineko botoiarekin, kopiatu lasterbidea, ireki Chrome nabigatzailea, eta itsatsi helbide-barran).

Zinema eta psikiatria: Shutter Island

Martin Scorsesek zuzendua eta 2010ean estreinatua, oinarrituta dago Dennis Lehane-k idatzitako izen bereko eleberrian. Istorioa 1954an gertatzen da, eta kontatzen digu bi agente federalen joan-etorriak, ikertzen ari direnean Shutter uharte urruneko Ashecliffe ospitale psikiatrikoko paziente baten desagerpena.

Lontakizunaren ardatza Teddy Danielsen da (Leonardo DiCaprio-k antzeztua), iraganak eta Bigarren Mundu Gerran izandako esperientziak mindutako agente federal bat. Shutter irlara iritsi da Teddy, bere lankide berriak lagunduta, Chuck Aule agenteak, hain zuzen ere (Mark Ruffalok antzeztua), Rachel Solando izeneko paziente baten desagerpena ikertzera. Filmeko beste aktore batzuk dira: Ben Kingsley, Max von Sydow, Michelle Williams eta Emily Mortimer.

Teddy eta Chuck ikerketan aurrera egin ahala, ohartu dira ospitaleak sekretu ilun eta nahasgarriak ezkutatzen dituela. Egiaren bila ari direla, Teddy-k aurre egin beharko die bere psikologiari eta sen onari, eta bien bitartean, errealitatea eta ilusioa bereizteko borrokan arituko da. Uhartea labirinto klaustrofobiko bihurtuko da, misterioz betea, eta ezer ez da izango hasieran zirudiena.

Shutter Island ikusgarria da, daukan egurats trinkoagatik, irudiek sorten diguten liluragatik, eta eten gabe ari delako gure jakin-mina kitzikatzen. Filma ikuslearen pertzepzioarekin jolasten da, suspenseari eutsiz, eta kontakizunean espero gabeko jira-birak sortuz. Istorioa gertatu ahala, gai-segida bat azalduko zaigu: oroimena, identitatea, galera, errealitatearen izaera... Filmaffinity-k 7,6ko kalifikazioa eman zion, eta ikusleek eta kritikak, oro har, abegi ona egin zioten.

Aurkitu dugu medikuntzari eta zinemari buruzko argitalpen bat: Revista de Medicina y Cine, filmari artikulu bat eskaintzen diona (beheko estekan duzue).

J.U.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Revista de Medicina y Cine. (Ezin baduzu bideoa ikusi, egin klik lerro honen gainean saguaren eskuineko botoiarekin, kopiatu lasterbidea, ireki Chrome nabigatzailea, eta itsatsi helbide-barran).

Argazki bilduma

Liburuez eta psikiatriaz: Stanislaw Lem eta “El hospital de la transfiguración”

“El hospital de la transfiguración” (polonieraz: "Szpital Przemienienia") 1955ean idatzitako eleberri bat da, Stanislaw Lem-en lanik garrantzitsuenetako bat.

Istorioa Poloniako ospitale psikiatriko batean gertatzen da, Bigarren Mundu Gerran. Protagonista, Stefan Truchowski doktorea (ospitale horretan lan egiten duen psikiatra bat), saiatzen da aurre egiten, bai gerraren kolpe suntsitzaileari, bai egunero ikusten dituen izugarrikeriei.

Kontakizunaren gakoak dira ospitalearen barruko bizimodua eta Truchowski doktoreak gizatasunari eta senari eusteko aurrera eramaten duen borroka, gerraren anabasa eta krudelkeria betean. Istorioak aurrera egin ahala, irakurlea pazienteen eta ospitaleko langileen eraldaketaren fisiko eta psikologikoaren lekukoa da.

Lem-ek gai sakonak jorratu zituen bere lanetan; besteak beste, gerra, eromena, moraltasuna eta erantzukizun morala muturreko egoeretan. Idazkera joriaren eta karakterizazio zehatzaren bidez, Lemek giza egoera aztertzen du, eta zalantzan jarri errealitatearen izaera ingurune nahasi eta urratzaile batean.

“El hospital de la transfiguración”. Impedimenta argitaletxea. ISBN 9788493592769.

J.U.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Irakurri artikulu osoa

Komikiak eta psikiatria: Manicomio

“Manicomio” da Montse Batalla-k eta Xevidom-ek (Xevi Domínguez) sinatutako komiki honen izenburua. Istorioak Montseren esperientzia kontatzen digu (Clara, komikian), noiz eta, episodio psikotiko akutua izan ondoren, psikiatrikoan ospitaleratu dutenean: hango medikazioa, eta bertako profesionalekin eta beste gaixo batzuekin duen harremana.

Mezu gazi-gozoa helarazten digu: batetik, oso kritikoa da asistentzia-sistemarekin eta haren profesionalekin, baina, gero, sistema horrekin adiskidetuko da (entzuten dioten pertsonak aurkitzen dituenean, eta, bereziki, behar bezala diagnostikatu eta artatzen dutenean).

Epilogoak berretsiko digu kontakizunaren izaera intimo eta pertsonal hori. Izan ere, hartan bildu dituzte gidoilariaren hitz batzuk eta komikiaren azken orriak, eta horietan, Montsek adierazten digu zoriontsu sentitzen dela zulotik irteteagatik, baina ezinegona eragiten diola horren argi jakiteak betirako bizi beharko duela edozein unetan berriro ager daitekeen zer horrekin.

J.M.

Erlazionaturiko Artxiboak

  1. Irakurri artikulu osoa

Osasun mentala eta rock & rolla (XVII): Chester Bennington

Ziur aski izen hori ez zaizue ezaguna egingo gehienoi, bai ordea Linkin Park-ena, hura abeslari nagusi izan zen taldearena, hain zuzen ere. Musikari, abeslari eta konpositore horrek nahiko itzal handia lortu zuen rock alternatibo- eta metal-generoetan, bere ahots-estilo indartsuari eta hunkigarriari esker. 1976ko martxoaren 20an jaio zen, Phoenixen (Arizona), eta berak aitortu zuenez, haurtzaro traumatikoa eduki zuen.

1999an Linkin Park-era batu zen, eta taldeak arrakasta komertziala lortu zuen 2000n kaleratutako "Hybrid Theory" bere estreinako albumarekin, mundu osoan milioika kopia saldu zuena. Euren karreretan, Bennington-ek nahiz Linkin Park-ek hainbat disko arrakastatsu argitaratu zituzten, tartean: "Meteora" (2003), "Minutes to Midnight" (2007), "A Thousand Suns" (2010) eta "One More Light" (2017). Taldearen musikak, askotan, barneko gatazka pertsonalak arakatzen zituen, eta dirudienez, horrek ederto konektatu zuen bere jarraitzaileekin, agian benetako emozioak azaleratzen zituztelako.

Chester Bennington-ek bere buruaz beste egin zuen 2017ko uztailaren 20an, 41 urte zituela. Heriotzak eragindako zirrarak lagundu zuen buruko gaixotasunen gainean sentsibilizatzen, arazo horiei ikusgaitasuna ematen, eta horiez askeago hitz egiten. Izan ere, musika-ibilbidean, Bennington-ek ez zuen ezkutatu depresioaren, antsietatearen eta substantzien abusuaren aurka eduki zuen borroka, eta aho bilorik gabe mintzatu zen haurtzaroan izandako esperientzia traumatikoez, eta bere osasun mentalean izan zuten eraginaz; askotan, baliabide katartiko gisara erabili zuen musika, eta letren bidez adierazi bere barne-gatazka eta min emozionala.

Chester Bennington eragin handiko figura izatera heldu zen rockaren eszenan, eta hori zori dio, batetik, berak utzitako musika-ondareari, eta bestetik, musikaren bidez emozioak transmititzeko zuen gaitasunari: bere ahots indartsuagatik, letra introspektiboengatik, eta agertokian zuen karismagatik.

J.U.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Bere biografiari buruzko Youtubeko bideoa. Gaztelaniaz. Chester Bennington hil zen eguna.
  2. Youtubeko bideoa. Bennintgton-ek bere depresioaz hitz egiten du (azpitituluekin).
  3. Linkin Park-eko bideoa.

102. zenbaki honetako kolaboratzaileak:

Leire Erkoreka Anda, Aurora Oña, Begoña Benavides, Eva Garnica, Begoña Gomez eta Juan Medrano.

Erlazionaturiko Loturak

  1. Nola lagundu, eta Batzorde Editoriala
AGENDA
BOMSEKO BESTE ARGITALPEN BATZUK
LOTURAK

> <