BOMSek Zamudioko Ospitaleko Akutuen Unitatera hedatu du “Segurtasuna areagotzea: pazientea eustearen ordezko aukerak” izeneko JEGa.

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak BPSO® (Best Practice Spotlight Organization) programaren jasangarritasunaren hirugarren fasean aurrera egiten jarraitzen du, Zamudioko Ospitaleko Akutuen eta Azpiakutuen unitateetara « Segurtasuna areagotzea: pazientea eustearen ordezko aukerak» izeneko Jardunbide Egokien Gida hedatuz.

Hedatze horrekin, gida BOMSeko ospitale-unitate guztietan ezarrita geratzen da, eta prebentziora, segurtasunera eta artatutako pertsonen duintasuna errespetatzera zuzendutako arreta-eredu komun bat sendotzen da.

Ezarpenaren abiapuntua hau da: euspen bat erabiltzera eraman dezaketen egoerek kausa anitzetan dute jatorria, beraz, erantzuna ere osagai anitzekoa izan behar da. Segurtasun Planak jarduera osagarriak eratzen ditu. Jarduera horiek barne hartzen dute hala egitura- eta kultura-aldaketa, ekipoen gaikuntza, krisiaren prebentzioa eta maneiua, nola emaitzen erregistroa, azterketa eta jarraipen sistematikoa.

Estrategia hori hasten da autoagresibitate-, heteroagresibitate- eta suizidio-arriskuaren banakako balorazioa eginez, zainketa-planaren barruan. Arrisku-egoera bat detektatzen denean, Konfort Plana egiten da elkarlanean. Plan horretan, pertsona bakoitzaren estres- eragileak eta –seinaleak jasotzen dira, eta horrekin batera, krisiari aurrea hartzeko, deseskalatzea errazteko eta, ahal den guztietan, euspen mekanikoa saihesteko adostutako lasaitze- eta erosotasun-neurri progresiboak ere. Bestalde, euspen bat aplikatu behar izan denean, debriefingak (euspena egin osteko hausnarketa) aukera ematen du gertatutakoa modu egituratuan berrikusteko, egoera eragin zuten faktoreak ulertzeko, pertsonarengan, gainerako pazienteengan eta taldearengan izan duen eragina baloratzeko eta hobetzeko aukerak identifikatzeko.

Segurtasun Planak, gainera, hainbat baliabide biltzen ditu, hala nola estimulazio baxuko gelak edo eremuak, erabiltzaileen gustu eta lehentasunetara egokitutako aisialdi terapeutikoko jarduerak, erabakitzeko algoritmoak eta hitzezko deseskalatzea. Horrez gain, taldeentzako prestakuntza-ibilbide bat egiten da, barne hartzen dituena prestakuntza espezifikoa, sentsibilizazioa eta simulazioak. Helburua da erantzun koordinatua, segurua eta errespetuzkoa sendotzea jokabide erreaktiboak areagotzen dituzten egoeretan.

Prozesu- eta emaitza-adierazleen bidezko jarraipenak lan-modu horren eragina erakusten du. Osagai anitzeko estrategia ezarri zenetik ikusi da euspen mekanikoen erabilera % 66 murriztu dela, eta arriskua identifikatuta duten pertsonen % 100ek Konfort Plana duela. Emaitza horiek prebentzio-, antolaketa-, ingurumen-, prestakuntza- eta asistentzia-neurriak konbinatzearen garrantzia babesten dute, bai eta etengabe neurtzearen garrantzia ere, hobetzen jarraitzeko.

Ascensión Arribas Cuevas, Enara Llano Dueñas eta Mónica Guijarrubia arduratuko dira gida Zamudioko Ospitaleko Akutuen eta Azpiakutuen unitateetara hedatzeaz. Horiek izango dira gidaren kolider berriak, eta, lanbide arteko taldearekin batera, ebidentziak unitateen ezaugarrietara egokitzea eta praktika klinikoan modu iraunkorrean txertatzea bultzatuko dute. Urrats berri horrek indartu egiten du BOMSek arreta- eta lan-ingurune seguruekin, hau da, ebidentzian oinarritutako eta euspenik gabe zaintzera bideratutako inguruneekin, duen konpromisoa.

Gustatuko litzaizuke...